Donostia 2016 hautagaitzak Estrasburgoren babesa du
Gero eta gutxiago geratzen da 2016an Europako Kulturaren Hiriburu nor izango den jakiteko. Epaimahaiak Donostiaren aldeko hautua egingo duen ala ez ezagutzeko, ekainaren 28ra arte itxaron beharko den arren, hiriko hautagaitzak beste atxikimendu bat izango du hemendik aurrera; Estrasburgorena. Halaxe adierazi dio, behinik behin, Frantziako hiri horretako alkateak Donostiako Udalari, babesa adierazi eta laguntza eskaintzeko bidalitako eskutitzean.
Odon Elorza alkateak eta Marisol Garmendia hautagaitza arduradunak albistea txalotu dute. Bruselaren atzetik, Europako hiririk garrantzitsuena dela azpimarratu dute. Bakea eta giza eskubideak ardatz dituen hiria dela gaineratu dute, halaber.
«Aliatu estrategikoa» dela nabarmendu du Garmendiak. Hain zuzen, elkarbizitzarako kultura ardatzaren baitan proiektu eta programa bateratuak eratzeko lanean aritu direla zehaztu du.
Bakeaz gain, beste alderdi batean ere bat egiten dutela aditzera eman du. Donostia eta Estrasburgo «mugakideak» direla adierazi dute. Donostiak, zehazki, Bilbo eta Burdeos arteko hiria egituratzeko erronka mahai gainean dutela, eta Biarritz eta Baionarekin elkarlanean aritzeko hitzarmenak adosteko bidean direla aurreratu du Elorzak.
Estrasburgoren babes eta interesaren erakusle, bertako hainbat ordezkari maiatzaren amaieran antolatuko den Olatu Talka jaialdia ezagutzera etorriko direla adierazi du.
Proiektuaren aurkezpena
Alde guztietako babesa beharko du Donostiak Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzeko. Horiek guztiak biltzeko, ekainaren 27a arte du hautagaitzak, 12:30ean aurkeztu beharko duelako proiektua epaimahaiaren aurrean. Hirugarrena izango da aurkezpena egiten, Burgos eta Kordobaren aurretik. Las Palmas, Segovia eta Zaragoza izango dira azkenak.