«Kaleko antzerkia bonba bat izan daiteke, baina ez dauka babes nahikoa»
Bizitza oso bat darama Santi Ugalde Uriartek (Bilbo, 1959) telebistan, zineman eta, batez ere, antzerkian. Kaleko antzerkian. Kasualitatez iritsi zen Donostiara, eta hemen egin du bizitza pertsonala zein profesionala. 44 urteren ondoren, agur esateko ordua iritsi zaio Trapu Zaharra bere antzerki konpainiari, eta aitzakia horrekin, antzerkiaz, kaleaz, telebistaz eta garai zahar eta berriez mintzatu da Ugalde.
Santi Ugalde aktorea.Joseba Parron San Sebastian Azkena eta bagoaz’ ikuskizunarekin ari zarete Trapu Zaharra konpainiaren agurra egiten; izenburua iradokitzailea da.
Hasieran, obra horrek ez zuen agurra izan behar, baina hala izan da azkenean. Baditu ukitu autobiografikoak ere, kaleko antzerkiko aktore beterano bat baita protagonista, urte askoko ibilbidearen ostean apur bat erreta dagoena, eta antzerki klasikoko aktore batek areto batean zerbait egiteko proposamena egiten dio. Hori da antzerki tradizionaleko eta kaleko antzerkiko aktore bana elkartzeko aitzakia.
Hori da antzezlanaren bizkarrezurra, eta, hortik abiatuta, hainbat kontuz hitz egiten da obran zehar: kaleaz, tabernen terrazez, kaleko eta aretoko aktoreen arteko lehiaz, kulturaren eta entretenimenduaren arteko eztabaidatxo bat… Gure benetako esperientzien hainbat pilula ditu lanak. Beti saiatu izan gara kalean egiazkoak izan zitezkeen istorioak kontatzen.
Noiz izango da azken emanaldia?
Azken-azkena Trintxerpen izan behar zen, bertan hasi ginelako, baina aldatu diguten data bat dela eta, azkenean, Mañarian izango da azkena, urriaren 23an.
Zergatik erabaki duzue Trapu Zaharraren ibilbidea amaitutzat ematea?
Konpainiak 44 urte bete ditu irailean, eta hainbat kontu daude erabakiaren atzean, baina nagusiki, neke fisiko eta psikologikoa da arrazoia. 20 urte inguru genituenean genuen pasioaren galeratik ere badu, nahiz eta inoiz baino erlaxatuago antzezten dudan orain. Espazioak, ordea, ez du ia eboluzionatu 40 urteotan; kaleko antzerkia bonba bat izan daiteke, baina ez dauka babes nahikoa. Gaur egun, kaleko antzerkiko jaialdi asko daude herrietan, baina, era berean, jarraitzen dugu jaietako jarduerekin borrokatzen; haurrentzako jarduera gisa kokatu nahi izaten gaituzte nahiz eta ez ditugun inoiz haurrentzako istorioak kontatu… Horrek guztiak nekatzen joan gaitu, eta horri gaur egun kalean egiten duen beroa gehitzen badiogu, jasanezina da [barrez]! Gainera, 67 urte ditut eta administrazioak orain uzten dit jubilatzen. Hala ere, Trapu Zaharra itxiko dut, baina horrek ez du esan nahi gauzak egiten jarraituko ez dudanik.
Asko aldatu al da kaleko antzerkia urteotan?
Asko, bai; kaleko antzerkian, fantasia urbanoarekin jolastu behar da, eta hori gero eta zailagoa da. Nagusiki, udalek gero eta legedi itxiagoak dituztelako. Jendeak galdetzen didanean ea zergatik ez dugun egiten hasieran egiten genuen hau edo bestea… orain, adibidez, ezin dut auto bat bide publikoan puskatu, lehen puskatzen nuen moduan: segurtasun perimetro bat egin behar da, ez dakit zenbat baimen eskatu… Gainera, teknikariak lanez lepo egoten dira eta ezin dituzte halako kontuak kudeatu.
«Donostian kaleko antzerkiaren jaialdi bat antolatu ezin izanaren arantzatxoa gelditu zait»
Donostian bizi zara duela urte asko eta Trapu Zaharra konpainia donostiarra da, baina Bilbon jaioa zara berez. Nolatan bukatu zenuen Donostian?
Kasualitate askoren emaitza izan zen. Zerbitzu militarretik objektatzetik nentorren; itsas armadan nengoen, eta itsasontzian bertan egonda lortu nuen objektatzea, zenbait karanbolaren ostean. Horren aurretik, Gasteizko Bekereke antzerki taldean egondakoa nintzen, eta objektatu nuenean, talde hartan ezagututako Txema Ociorekin elkartu nintzen; bera Italian egon zen ni objektatu nahian egon nintzen urtebetean. Eta erabaki genuen talde bat sortzea: Trapu Zaharra. Lana bilatzeko sortu genuen taldea, besterik gabe, inolako handinahirik gabe.
1982ko iraila zen, eta Txemak lagun batek Lekeition utzi zion etxe bat zuenez, han elkartu ginen eta Karraspioko plazatxoan entseatzen genuen. Udazken hartan, kide batek esan zigun Pasaiako antzerki jardunaldiak egitekoak zirela, eta beste batek, logela bat eta entseatzeko lokal bat utzi zizkigun Trintxerpen, bera Italiara zihoalako beka batekin. Horrela bukatu genuen hemen: urrian hasi ginen entseatzen, eta urtarrilaren 3an, Donostiako Udaletxeko etxabeetan estreinatu genuen Kraka gure lehenengo antzezlana. Eta hemen gelditu ginen.
Etxetik zetorkizun antzerkiarekiko zaletasuna?
Ez, ez, inondik inora. Nik uste dut ez nekiela nola ihes egin lan mundutik eta horregatik murgildu nintzela antzerkiaren munduan. Hala ere, Bekereken hasi ginenean, gure lehenengo soldata patatak jasotzen izan zen. Biziraupen kontu bat zen hori, baina niri gustatzen zitzaidana komunaren ideia zen: sei-zortzi lagun elkarrekin bizitzea, diru kutxa komun batekin, proiektu batekin… hori zen beti amestu nuena, 1968ko maiatzeko oihartzuna izango zen, agian. Hori politikoa zen, hala ere, eta gurea artistikoagoa. Bekereke oso garrantzitsua izan zen: hamar urteko ibilbidea egin zuen hiruzpalau antzerki konpainia atera ziren hortik: Pikor, Zanguango, Trapu Zaharra…
Programatzaile batek esan zidan oso garai berezi batean jaio ginela gu, eta egia da. Izan ere, 1980ko hamarkadan atera ginenak oso adoretsuak ginen, baina inguratzen gintuen guztia presio eltze bat zelako: politikoki, sindikalki, kulturalki eta abar. Mundua jatera atera ginen; nik, adibidez, Pedagogia ikasi nuen garai hartan, eta argi nuen iraultza irakaskuntzan zegoela. Benetan sinesten genuen horretan guztian, eta hori guztia buruan edukita egiten genuen kaleko antzerkia.
Beti eduki duzu argi kalea dela zure habitata?
Bai, zalantzarik gabe. Batzuek esaten didate, erdi brometan, ea horren gaizki ordaintzen zidaten telebistan eta zineman, kaleko antzerkia egiten jarraitu behar izateko. Baina ez, ni kalean jaio naiz aktore gisa eta kalean sinisten jarraitzen dut.
Ez dut esaten aretoko antzerkia baino hobea edo okerragoa denik, beste zerbait da. Guk gertatzen den horrekin jolasten dugu, gertatzen den hori aprobetxatzen dugu. Adibidez, antzezten ari zarela, gizon bat pasatzen bada erdi-erditik eta guk antzerkia gelditu, eta ikusleei begiratzen badiegu, mundu guztiak ulertzen du zer gertatzen ari den, txiste moduko bat sortzen da, gizona joatean pasatzen dena eta ez dena errepikatuko. Hori dauka kaleak, emanaldi bakoitza oso desberdina dela, espazioaren, jendearen eta inguruan gertatzen denaren arabera; kalean, ez da laugarren paretarik existitzen.
Espazio publikoa kontsumitzea ez den zerbaitetarako erabiltzea dakar kaleko antzerkiak, eta 44 urteren ondoren, hori iraultzailea da oraindik.
Azkena eta bagoaz-en, kaleko aktore beteranoak kontatzen du kalea asko aldatu dela, nagusiki, terrazengatik; teoria oso bat garatzen du horren inguruan, eta terrazen aurkako alegatu bat egiten du. Hain zuzen ere, diozun moduan, kalea kontsumitzeko erabiltzen da gaur egun: Matia kalera zoaz, eta ezin zara erosketa orgarekin pasatu; Konstituzio plazara zoaz, eta, gutxienez, plazaren heren bat daukate dagoeneko terrazek; Easo plazan gauza bera gertatzen da… Ordaindu dute horretarako, baina bizilagunok ere zergak ordaintzen ditugu eta kalea denona da. Pandemiatik datorren zerbait dela diote batzuek, baina lehenago hasi ziren kalean eta tabernetan egoteko ohiturak aldatzen. Eta ni ere erortzen naiz horretan, ez pentsa!
Pintxo madarikatuekin ere gauza bera gertatzen da, egun osoa pintxoei buruz hitz egiten; Euskal Herrian jaten baino ez dakigula ematen du! Eta gazta tarta madarikatuaz zer esanik ez, ez dela inoiz hemengo zerbait izan! Pintxoak eta gazta tarta baino zerbait gehiago izango gara, ezta? Horrek erakusten du noraino iristen den manipulazioa. Parte Zaharrean, parke tematiko bat sortu dute, eta taberna guztietan jan ditzakezu modu industrialean egindako pintxo berdinak. Lehen, tabernetan bizpahiru pintxo desberdin baino ez zeuden: gilda, txorizo egosia eta taberna bakoitzeko pintxo izarra, batetik bestera joateko aitzakia zen.
«Pintxoak eta gazta tarta baino zerbait gehiago izango gara, ezta? Hori da manipulazioa»
Kaleko antzerkiak nahikoa aitortza du?
Bueno, iruditzen zait dantzak eta zirkuak, adibidez, gureak baino espazio gehiago edukitzen dutela, oso bisuala eta ikusle mota guztientzako delako. Guk testu asko sartzen dugu gure emanaldietan, eta, zaila da haurrek ulertzea, adibidez. Programatzaileek jendea ez erakartzeko beldurra izan ohi dutenez, saiatzen dira edonork ikusteko moduko ikuskizunak programatzen, haurrak eta, ondorioz, familiak erakartzeko.
Nolakoa zen kultur panorama zuek hasi zinetenean?
Oso artisaua zen, dena gure kabuz egiten genuen, ilusio handiarekin. Orain, telebista eta zinema asko eta asko dago eta jendeak gauza asko ikusi ditu 40 urteotan, asko aldatu da eta, agian, ez dugu jakin guztiz transmititzen antzerkiak duen magia berezi hori. Esango nuke, gainera, antzerkia egiten genuenok ukitu berezi bat genuela, orain denak planoagoak gara, akademikoagoak.
Horrekin lotuta dago, nire ustez, gaueko giroa aldatu dela, neurririk gabeko turismoak kutsatuta. Guretzat, urratzailea zen lagunekin elkartzea porru batzuk erretzeko eta trago batzuk hartzeko, aire freskoa zen, oso garai itxi batetik gentozelako. Eta gauza bera gertatzen zen etxebizitza partekatuetan bizi ginenean, esperientzia berritzaileak ziren guretzat, eta, erromantizismoan erori gabe, orduan bizitakoengatik gara garena.
Belaunaldi bakoitzak bere garaia bizi du.
Bai, eta argi daukat ni atzean gelditu naizela zentzu askotan, eta gazteekin hitz eginez gero, ziur beraiek ere badituztela euren txokoak, baita sortzeko moduak ere.
«1980ko hamarkadakoak oso adoretsuak ginen, inguratzen gintuen guztia presio eltze bat zelako»
Trapu Zaharra konpainiara itzuliz, euskarari garrantzi handia ematen diozue beti. Horrela izan da hasieratik?
Txema eta biok gaztelaniaz baino ez genuen hitz egiten hasi ginenean, baina beti eduki genuen euskararekiko atxikimendua. Baina, hasi ginenean, beldurra ematen zigun antzerkia euskaraz egiteak, testuak buruz ikastetik harago, inprobisazioa beharrezkoa zelako guretzat, eta menderatzen ez duzun hizkuntza batean inprobisatzea zaila da. Hala ere, apur bat kontsolidatu ginenean, erabaki genuen antzezlan guztiek bi bertsio edukiko zituztela: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, bakoitza bere lantaldearekin. Geroztik, hala egin dugu beti. Besteak beste, herri batzuetan ez zuelako zentzurik antzerkia gaztelaniaz egitea.
Gaztetan hasi nintzen euskara ikasten eta AEKn nago orain ere, baina oso txarra naiz hizkuntzetarako. Orain erretiroa hartuko dudala, ordea, buru-belarri jarriko naiz euskararekin, ilusio handia daukat.
Aktore asko eta asko pasatuko ziren urteotan Trapu Zaharratik.
Bai, bai. Hain justu, festa txiki bat egingo dugu Trintxerpen, urrian egingo dugun ikuskizunaren ondoren, konpainiatik edo ingurutik pasatu den jende askorekin. Hala ere, esan behar da umorea egitea ez dela batere erraza, eta ez duela edonork balio.
Emakume aktoreak ere, urteekin, konpainiatik gero eta gehiago pasatzen joango ziren, ezta?
Zorionez, gero eta emakume gehiago murgildu dira umorearen mundu honetan, eta emakume pailazo izugarri onak daude Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Eta gauza bera gertatzen da zuzendaritzan, zineman… Hori da normala dena, eta ez lehen gertatzen zena. Horregatik, normalizatzea lortu behar dugu, albiste ez izatea.
Antzerkitik harago, telebista eta zinema ere egin duzu. ‘Vaya Semanita’-ko Joxepo pertsonaiarekin oso ezaguna egin zinen, adibidez. Nola gogoratzen duzu garai hori?
Oso garai ilusionagarria izan zen niretzat. Lantalde txiki batekin hasi ginen, eta sekulako giro ona genuen gure artean, lan asko egiten bagenuen ere. Egiten genuen horretan asko sinisten genuen, eta hori nabaritzen zen. ETBren garai onena izan zela esango nuke, gure lantaldean ez ezik, pasilloetan ere giro berezia zegoen, langile guztion artean.
Asko disfrutatu genuen, eta, nahigabe izan bazen ere, saio hark bere eragina eduki zuen gizartean ere, gerora gauza asko normalizatzeko. Adibidez, Espainiako erregeari buruzko lehenengo txistea egitera gindoazenean, zalantza asko eduki genituen, ez geneukan argi hori telebistan egin zitekeen. Hamar-hogei urtean behin, Vaya Semanita-ren moduko gol bat sartzeko aukera dago, eta guk area barruan egoteko zortea eduki genuen momentu hartan.
Jendeak Joxepo deitzen zaitu oraindik kaletik?
Orain ez, baina, garai hartan, asko. Gogorra izan zen, nire seme-alabentzako, bereziki: oso gaizki pasatzen zuten kaletik gelditzen nindutenean eta abar. Eta ni ere ez nengoen eroso, kaleko antzerkitik etorrita, ez nengoelako ohituta; horren aurretik, ez ninduen kaletik inork gelditzen. Hala ere, normalean, jendea oso atsegina izaten da, 23:00etatik aurrera ateratzen ez zaren bitartean…
‘Vaya Semanita’ haren lekukoa hartu du egungo saioren batek? Egungo telebista kontsumitzen duzu?
Zaharrak oso pasatuta gaude dagoeneko, eta nik ezin dut telebista jasaten orain. Eguraldia baino ez dut ikusten, zahar baten moduan, eta izugarri gustuko dut. Bestalde, kontu politikoak asko gustatu izan zaizkit beti, baina badira urte batzuk ezin dudana aguantatu ere egin, tarteka ematen dituzten dokumental historikoak ikusten ditut soilik.
Izan ere, Bigarren Mundu Gerrako historia izugarri interesatu zait beti, eta dokumental asko ikusi ditut, ulertu ahal izateko nola heldu ahal izan zen Alemaniako herria iritsi zen horretara iristeko. Hain zuzen ere, historia ez errepikatzeko modu onena gertatutakoa oroitzea dela diote, baina gezurra behar du izan, zerbait gehiago egon behar da, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Bigarren Mundu Gerra iritsi zelako eta, gaur egun, orduko ideiak eta joerak itzultzen ari direlako.
Ultraeskuinaren gorakada kezkagarria da oso.
Amorrua ematen du, ni pailazo bat baino ez naizelako, baina egunero ikusten ditugun politologo horiek guztiek zerbait gehiago jakingo dute, ezta? Lauzpabost pauso aurretik joan beharko lukete. Baina, aldiz, ultraeskuineko lapur hauek hemen daude, berriz ere. Txikitu egin behar gaituzte, berriz ere, gauzak aldatu ahal izateko? Bitartean, lehiaketak eta sukaldaritza saioak baino ez ditugu ikusten telebistan.
«Ultraeskuineko lapur hauek hemen daude. Txikitu egin behar gaituzte, berriz ere, gauzak aldatzeko?»
Antzerkira itzuliz, urte hauen guztien ondoren, arantzatxoren bat gelditu zaizu?
Bai: Donostian kaleko antzerkiaren jaialdi bat antolatu ezin izana. Bilbon badago bat, Gasteizen ere, herri askotan ere badaude, eta Donostian behin baino gehiagotan saiatu gara, sekulako lekua delako horretarako, baina ezinezkoa izan da. Eztabaidaren bat edo beste eduki dut horregatik udaleko arduradun batzuekin, baina ez dute inoiz apustua egin nahi izan, Donostiako kaleetan antzerkia egin izan dugunean jendearen erantzuna oso ona izan bada ere.
Trapu Zaharraren ibilbidea bukatuta, non ikusiko zaitugu aurrerantzean?
Beste modu batean izango bada ere, gauzak egiten jarraituko dut, hori ziur. Ikusiko dugu nola; gustatuko litzaidake kaleko antzerkiarekin lotura edukitzen jarraitzea, baina zinema ere oso gustuko dut. Film batean erromatar paper bat ematen badidate ez dut ezetz esango!








