'Errautsak’ obrak irabazi du Donostia Antzerki Saria
XI. Donostia Antzerkia Saria eskuratu du 'Errautsak' obrak.
Iaz Donostian taularatutako euskarazko antzezlan onenaren saria eskuratu dute Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainiek. Gazteszenan aurkeztu zuten ‘Errautsak’ obrak Donostia Antzerki Saria eskuratu du, hain zuzen ere. Hiru antzerki taldeek elkarlanean sortutako lana da. Epaimahaiak lan «berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela nabarmendu du. Euskal Herriko Iparralde zein Hegoaldeko aktoreak nahasi izana ere «aberasgarria» dela adierazi du. Hurrengo martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean saria jaso, eta obra berriz ere jendaurrean interpretatzeko aukera izango dute. Hitzordua, ohi bezala, Victoria Eugenia Antzokian izango da. Hurrengo ekoizpenean lanean hasteko laguntza eta babesa izango dute irabazleek. 10.000 euroko diru-laguntza, batetik; eta bestetik, ikuskizun berria hirian aurkezteko aukera. ‘Errautsak’ lanaren abiapuntua, hain zuzen, duela bi urte Le Petit Theatre de Pain-ek ‘Juglarea, puta eta eroa’ lanarekin eskuratutako Donostia Antzerkia Saria izan zen. Aurten gainera, berritasun gisa, obra prestatzeko bi aste egin ahal izango dituzte Iparraldeko Harri Xuri produkzio gunean, gastu guztiak ordainduta. Donostia, «plaza polita» ‘Errautsak’ obrako Ander Lipus eta Urko Redondo aktoreak izan ziren atzo, sariaren aurkezpenean. Euskarazko antzerkiaren krisiaren gainetik, antzerkia egiten ari dela nabarmendu nahi izan zuen Lipusek: «Krisi garai hauetan alarma pizten da, baina nik baikorrago izan nahi dut. Guk Artedrama bezala hirurogeita bat emanaldi egin genituen iaz. Antzerkia, azken batean, beti egon da krisian. Beraz, guri ez digu axola. Gure ardura da publiko bat bereganatzea, eta guk egiten ditugun obrak jendeak ikustea». Donostia «plaza polita» dela azaldu dute aktoreek. «Zorionez antzokiak bete ditugu. Artistek ere publikoa erakartzen eta produktu bat eskaintzen saiatu behar dugu. Onagoa edo txarragoa izatea, hori beti erlatiboa izango da. Kasu honetan guri egokitu zaigu saria jasotzea. Euskal antzerkiaren inguruan hausnarketa dezente dago egiteko oraindik». Urko Redondoren ustez sari «potoloa» emanaldi gehienak ikuslez beteta egotea izan da: «Jendearengan eragina izan du ahoz ahokoak. Askotan gertatzen ez den bezala, aretoak bete egin ditugu. Kristoren poza izan da, eta honek indarra eman digu aurrera egiteko». Aurrerantzean hiru konpainiek elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela plazaratu dute. 3.490 ikusle Donostian iaz euskarazko sei antzezlan taularatu ziren guztira. ‘Errautsak’ ez ezik, Txaloren ‘Arrastoa’, Kanpingagsen ‘Ilunpetan’, Glu Glu produkzioaken ‘Ezker eskuma’, Gorringoren ‘Xabinaitor’ eta Demode Quarteten ‘Demode’. Sei obra, eta hamazazpi emanaldi izan ziren. 3490 ikusle erakarri zituen euskarazko antzerkiak. Ainhoa Beola euskara zinegotziaren ustez, «Donostiak egungo egoerari eutsio dio. Egungo egoera da ikusleek behera egin dutela, eta hiriak ikusleei eta antzeztutako obren emanaldiei eutsi die».