Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?
Donostiarrak Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatzera deituta daude azaroaren 29rako. Donostiaz ezer gutxi hitz egin da kanpainan zehar, baina eztabaidagai izan diren gai nagusiek guztiz zeharkatzen dute hiria, etxebizitzak eta gizarte eskubideek, esaterako. Halaber, hiriko zenbait proiektu zehatz ere zeharo aldatu daitezke, Espainiako Gobernuaren kolorearen arabera.
Hauteskunde propaganda jartzeko panelak, Donostian.Joseba Parron San Sebastian Igandean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, 161.000 donostiar inguru daude bozkatzera deituta, hiriko 38 hauteslekuetan. Espainiako Kongresuko eta Senatuko eserlekuak nork beteko dituen erabakiko dute Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko herritarrek, eta hilaren 29ko emaitzekin osatuko den Espainiako Kongresuak hautatuko du hurrengo lau urteetarako Espainiako Gobernua.
Estatuan, etxebizitza, segurtasuna, eskubide sozialak, immigrazioa, ustelkeria eta zerbitzu publikoak izan dira kanpaina honetan zehar eztabaidagai nagusiak. Hego Euskal Herrian, horiez guztiez gain, autogobernuaz, Euskal Herriaren nazio izaeraz eta euskararen eta euskal kulturaren defentsaz ere luze eta zabal hitz egin dute hautagaiek eta ordezkari politikoek. Horrekin guztiarekin, bi aukera nagusi daude, inkesta guztien arabera, Espainiako Gobernua osatzeko: PPren gobernu bat, Vox alderdiko ultraeskuindarrak ministro karguetan edukiko lituzkeena, edo PSOEren gobernu bat, Fronte Zabalarekin osaturikoa eta, ziurrenik, EAJ eta EH Bildu euskal alderdien babesa beharko lukeena.
Gai horiek guztiek eragin zuzena dute Donostian, noski. Etxebizitza da nabarmenena, Hego Euskal Herriko hiririk garestiena baita Donostia etxebizitzari dagokionez, baita estatuko hiru garestienetako bat ere; ez alferrik, donostiarren kezka nagusia etxebizitza da, datu ofizialen arabera.

Alderdi politikoek hauteskundeen aurretik etxeetara bidali duten propaganda.Joseba Parron San Sebastian
Etxebizitzari buruz
Donostian gauzatzen ari diren proiektuen inguruko eskumen gehien-gehienak Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza badituzte ere, Espainiako Gobernuaren esku hartzea behar zuten zenbait hiri proiektu urte luzez geldirik egon dira, edo, gutxienez, erritmo mantsoan egin dute aurrera. Horietako hainbat, ordea, azken hilabeteotan ixten joan da udala, Pedro Sanchez buru duen gobernuarekin. Hala ere, gobernu aldaketa batek zenbait kontu zalantzan jarri ditzake.
Lau urteko epea zuten militarrek kuarteletatik joateko; ikusteke dago epeak beteko ote dituzten
Loiolako kuartelena da Espainiako Gobernuaren esku hartzea eduki duen egitasmorik handiena. Donostiako udal gobernu ugari saiatu ziren eremu hori hiriarentzat berreskuratzen eta, azkenik, atzerapen eta zailtasun ugariren ondoren, 2025eko uztailean sinatu zituzten salerosketaren eskriturak Eneko Goia Donostiako alkate ohiak eta Espainiako Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduko Institutuko zuzendari Gerente Maria Angeles Canok; udalak 73,3 milioi euro ordaindu ditu guztira. Espainiako Gobernuaren kolorea aldatu edo ez, hori itxita dago, eta bertan 1.500 etxebizitza inguruko auzune berri bat garatu nahi du udalak. Hori bai, lehenik, Espainiako militarrek alde egin beharko dute. Eskriturak sinatu zituzten unetik, lau urteko epea zuten militarrek joateko, eta ikusteke dago epeak beteko ote dituzten.
Handik gertu dago Martuteneko kartzela zaharra —presoak Zubietako espetxe berrian daude ekainetik—, eta bertan ere etxebizitzak eraikiko dituzte erakundeek; zehazki, 400 bat etxebizitza, Txomin II eremuan. Horren harira, azaroaren hasieran bildu ziren Jon Insausti alkatea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburua eta Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroa, eta Txomin II-n 400 etxebizitza eta zuzkidura apartamentu inguru eraikitzea adostu zuten. Politikagintzan, ordea, konpromisoak ez dira beti betetzen, eta, beraz, gobernu aldaketa batekin edo gabe, hauteskundeen ondoren, gaia katramilatzeko aukera zabalik dago.
2023ko uztaileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, PSE izan zen lehen indarra Donostian
Beste proiektu batzuk
Berriki itxitako beste proiektu bat da Tabakalerako plazarena. Norteko tren geltokiaren estalkia da, eta, duela aste gutxi, plaza urbanizatzeko udalaren eta Adifen arteko hitzarmena onartu zuten. Horrekin lotuta, ezin da ahaztu abiadura handiko trenaren iritsiera, Norteko geltokian egongo baita Donostiako geltoki nagusia. Azken urtean Espainiako Estatuan izandako bi tren istripu larrien ostean, trenbideei eragiten dieten politiketan aldaketak eta gorabeherak egon daitezke datozen urteotan.
Ez gauzatzeko arrisku handia duen proiektua Aieteko La Cumbre jauregikoa da, Espainiako Gobernuak oraindik ez baitio eremua laga Donostiako Udalari. Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea onartzeko, Sanchezen gobernuak eta EH Bilduk adostu zuten La Cumbre udalaren eskuetan uztea, bertan memoria gune bat garatzeko; izan ere, besteak beste, bertan torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an, eta Francisco Franco diktadorearen udako egoitza izan zen hamarkada luzez. Akordioaren arabera, 2023ko urrirako gauzatuta egon behar zuen lagapenak, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak duela bi aste eskas egin du lagapen eskaera formala. Donostiako PP modu nabarmenean agertu da egitasmoaren aurka, eta, beraz, aurreikusi daiteke Espainiako Gobernu eskuindar batek prozesua zaildu dezakeela, besteak beste, aipaturiko legearen aurka agertu izan direlako PPko eta Voxeko kideak askotan.
Alderdiak eta hauteskunde zikloa
Igandeko hauteskundeekin, hauteskunde ziklo berri batean murgilduko dira donostiarrak: 2027ko maiatzean iritsiko dira udal eta foru hauteskundeak, 2028an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta 2029an Europakoak. Horrela, herritar askok modu desberdinean bozkatu ohi badute ere udal hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoetan, igandeko bozketak hurrengo zitei begirako zenbait pista eman ditzake.
Horregatik, Donostian alderdi bakoitzak duen indarraren argazkia egitea komeni da, ezer baino lehen. 2023ko uztaileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, PSE-EE izan zen lehen indarra Donostian, 25.500 boto inguru eskuratuta (2019an, 20.200 lortu zituzten). Atzetik izan zituen, ordena honetan, EH Bildu, 22.200 bat botorekin (2019an, 17.500); EAJ, 21.700 boto inguru eskuratuta (2019an, 30.800); PP, 15.600 bat botorekin (2019an, 10.900) eta Sumar, 12.300 boto ingururekin —2019an, ez zen Sumar koalizioa existitzen, baina espazio politiko horrek 16.000 bat boto lortu zituen hirian—. Vox alderdi ultraeskuindarraren indarrak oso txikia izaten jarraitu zuen, 2.800 bat botorekin. Abstentzioa, bestalde, %30 ingurukoa izan zen Donostian, eta Espainiako Kongresuan Gipuzkoak dituen sei eserlekuetatik, bina eskuratu zituzten PSE-EEk, EH Bilduk eta EAJk.
Urte bereko udal hauteskundeetan, ordea, EAJ izan zen lehen indarra Donostian, EH Bildu bigarrena, PSE hirugarrena, PP laugarrena eta Elkarrekin Donostia bosgarrena, udal hauteskundeetan desberdin bozkatu ohi denaren erakusgarri. Orain, igandeko hauteskundeei begira, honakoak dira azken soziometroaren aurreikuspenak Gipuzkoan: EH Bildu lehen indarra (hiru eserleku), PSE-EE bigarrena (bi eserleku) eta EAJ hirugarrena (eserleku bat). Azken, hitza, noski, herritarren edukiko dute.



