Hauteskundeak

Donostiako alderdiak, A-29ko hauteskundeetara begira

espainiako-gorteetarako-hauteskundeak-2026 Diseinua: Oier Arribas Ciria.

Bost alderdi edo koaliziok dute ordezkaritza Donostiako Udalbatzan, eta bostetako bozeramaileekin bildu da IRUTXULOKO HITZA, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara begira jartzeko: Olatz Yarzarekin (EAJ), Juan Karlos Izagirrerekin (EH Bildu), Ane Oiarbiderekin (PSE-EE), Borja Corominasekin (PP) eta Victor Lasarekin (Elkarrekin Donostia). Bakoitzak bere ikuspegitik, Donostiak igande honetan zer jokatzen duen aztertu dute, proiektu zehatzetatik gai orokorretara. Eta, noski, 2027ko udal hauteskundeetara begira ere jarri dira.

 


 

olatz-yarza-web«Madrilen soilik guk egin dugu lan Donostiaren defentsan»

Zer dauka Donostiak jokoan A-29an?

Euskadi guztiak bezala, Donostiak jokoan dauka bere autogobernua.

Konkretura jaitsita, Donostiak jokoan dauka Kostaren Zuzendaritzarekin duen harremana, asko baldintzatzen duelako Donostiako politika. Horrez gain, jokoan dago kuartelen eremua. Salerosketa eginda badago ere, konpromisoak bete behar dira, hala nola militarrak joatea. Eta abiadura handiko trenaren iritsiera ere jokoan dago.

La Cumbre, Tabakalerako plaza eta Martuteneko kartzela ere hor daude.

La Cumbrerekin, segun eta Madrilen nor dagoen, gauzak aldatu daitezke. Baina, lehenik, Donostian ondo definitu behar dugu zer izango den eraikin hori.

Bestalde, kartzelaren birpartzelazioaren onarpenarekin Txomin II irudikatu dezakegu. Eta Tabakalerako plaza Adifekin denbora luzez landu dugu: plaza izatetik, lorategi izatera pasatuko da.

Zer suposatuko luke PP-Vox gobernuak eta zer PSOE-Fronte Zabalak?

PSOEren gobernu bat gaizki, PP-Voxen bat oso gaizki. Gure lehia gaizki edo oso gaizki egongo den gobernu batekin Euskadiren interesak aurrera ateratzea da.

2023an, 21.700 bat boto lortu zenituzten Donostian. Zer espero duzue orain?

Oso indartsu goaz, jakinik Madrilen soilik guk egin dugula lan Donostiaren defentsan: ez dut ikusi EH Bildu kuarteletako negoziazioan, Txomiñeneko birpartzelazioan edo trenaren defentsan. EH Bildu gratis et amore dago PSOErekin, baina Euskadira ez du ezer ekarri; horrek are indartsuagoak egiten gaitu.

Eneko Goia alkate ohiak eserlekua lortzen badu, Donostiaren interesak bereziki defendatzea espero duzue?

Badakit Enekok Donostiako arazoak oso presente edukiko dituela, oso gertutik ezagutzen dituelako.

2027ko udal hauteskundeen lehen itzulia dira igandekoak?

Ez, inondik inora. Hauteskunde hauetan, polarizaziora eraman nahi gaituzte, eta EAJrekin ez dute lortuko. Udal eta foru hauteskundeetan, fokua euskal politikan jarriko dugu guztiz. Amankomunean duten bakarra botoa ematea da.

 


 

Juan-Karlos-Izagirre-web«EH Bildu indartsu dagoen lekuetan, itxaropenerako ateak irekitzen dira»

Zer dauka hiriak jokoan A-29an?

Jokoan daukagu, Donostian eta Euskal Herri osoan, ateak ixtea Espainiako Estatuan eta, oro har, Europan dagoen korronte eskuindar eta faxistari. Jokoan daukagu justizia sozialean sakontzea eta etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta etxebizitza publikoen aldeko apustu argia egin ahal izatea.

Espainiako Gobernuaren mendeko zenbait proiektu zehatz daude hirian.

La Cumbreko lagapenak, adibidez, itxita egon behar zuen, duela hiru bat urte. Eskubideetan atzerapauso asko eman daitezke, eta proiektu zehatzetan ere bai. Aurrera egin nahi badugu, ezkerretik egin behako dugu, pertsonen eskubideak defendatuz eta interes orokorra defendatuz. Eskuina eta faxismoa baldin badatoz, justizia sozialak eta gure herriaren eskubideek, euskarak eta kulturak ere atzera egingo dute. Eta ez dugu ahaztu behar Voxek ilegalizazioez hitz egiten duela bere programan.

PP-Vox eta PSOE-Fronte Zabala dira gobernua osatzeko aukera nagusiak.

PP-Vox gobernu bat arrisku handi bat da, aurretik aipatutako guztiarengatik. Aldiz, gobernu aurrerakoi batek itxaropenerako atea irekita uzten du, eta donostiarren artean eragin zuzena eduki duten aurrerapauso asko eta asko EH Bilduren eskutik eman dira Madrilen.

2023ko uztailean, 22.200 boto inguru lortu zituen EH Bilduk Donostian.

Inkestei ez diegu kasu handirik egiten, baina neurtzeko beste modu bat daukagu: kalean zer giro sentitzen dugun. Horregatik, badakigu gora egingo dugula. Gure aspirazioa da sabaia jo genuela esan zuten horiei erakustea sabai hori are gorago egon daitekeela.

2027ko udal hauteskundeetarako pistaren bat eman dezakete igandekoek?

Segur aski, oso emaitza onak izango ditugu igandean, eta uste dugu olatu horretan jarraituko dugula. EH Bildu indartsu dagoen lekuetan, itxaropenerako ateak ireki egiten dira, Madrilen zein hemen. 2027ko udal hauteskundeetan aurreikusten ditugun emaitzak lortzen baditugu, Donostiarentzat etapa berri bat irekiko da, donostiarrei bizimodu duinagoa eskainiko diena.

 


 

Ane-Oiarbide-web«Donostiarron bizi kalitatea hobetzeko neurri asko Madrilgo erabakien ondorio dira»

Zer dauka Donostiak jokoan igandean?

Hilaren 29ko zitak eragin zuzena edukiko du hiriarentzat eta hiritarrentzat. Lortutako eskubideak kolokan daude.

Espainiako Gobernuaren esku hartzea behar zuten zenbait hiri proiektu ixten ari dira: kuartelak, La Cumbre, Tabakalerako plaza edota kartzela.

Etxebizitza ministerioak, lehen aldiz, desioa adierazi du kartzelaren eremuan etxebizitzak eraikitzeko; konpromiso hori kolokan jarri daiteke gobernua aldatzen bada. Tabakalerako plazako berdetze proiektua ere kolokan jarri daiteke, eta, nola ez, La Cumbre jauregiaren lagapenarekin ere zalantzak ditugu. Udal talde guztiok onartu dugu bertan memoria gune bat garatzeko testua, PPk izan ezik. AHTaren iritsiera ere hor dago, eta argi ikusi dugu PPren gobernuekin atzerapen oso handiak eduki dituela proiektuak.

Zer suposatuko luke PP-Vox gobernu batek donostiarrentzat eta zer PSOE-Fronte Zabala gobernu batek?

Asko kezkatzen naute ideologia kontuek. Izan ere, eskuinak, berriz ere, mahai gainean jarri du abortu legearen birpentsaketa eta, oro har, emakumeon eskubideak urratzen dituzten ideiak. Era berean, Pedro Sanchezen gobernuarekin, 700 eurokoa izatetik, 1.200 eurokoa izatera igaro da gutxieneko soldata, eta beti izan dugu patronalaren eta PPren eta Voxen ezezko borobila aurrean. Kontuan eduki behar dugu donostiarron bizi kalitatea hobetzeko neurri asko Madrilen hartzen diren erabakien ondorio direla. Halaber, eskuinak pentsio sistema zalantzan jartzen du, eta gizarte zahartua duen Donostia batean, eragin zuzena eduki dezake horrek.

2023an 25.500 bat boto lortu zituen PSEk Donostian.

Donostian zein Gipuzkoan, hauteskunde hauek ere irabaztera goaz. Gu gara gobernu aurrerakoi baten bermea.

Ate joka ditugu udal hauteskundeak.

Lehentasunak agendak markatzen ditu, beraz, Cholo Simeonek esaten duen moduan, partidaz partida joan behar dugu. Ondoren, etorri beharrekoak etorriko dira.

 


 

Borja-Corominas-web«Vox gobernuan sartzearen beldur den jendea baldin badago Donostian, bozka dezatela PP»

Zer dauka Donostiak jokoan igandean?

Kale seguruagoak edukitzea, etxebizitza bat eskuratzeko aukera hobeak edukitzea, gobernu zintzo bat edukitzea… Ez da gutxi.

Espainiako Gobernuarekin zerikusia dute kuartelek, La Cumbrek, Tabakalerako plazak, kartzelak eta abar.

Abiadura handiko trenaren iritsiera ere hor dago, garrantzitsua da. Mariano Rajoyk, bere garaian, aurrekontuan sartu zuen, eta, gobernu horrek beste legealdi batez jarraitu izan balu, segur aski, bultzada erabakigarria emango zion proiektuari.

Tabakalerako plazakoari dagokionez, lardaskeria bat izango da. Ustez, Egia eta Erdialdea lotuko ditu, baina beste oztopo bat izango dela uste dut, Blas de Otero plaza den moduan. Bestalde, La Cumbrerekin, kezkatzen nau zertara bideratuko den, hasierako proposamena baitzen La Cumbre soilik torturaren oroimen gune izatea. ETAk 97 pertsona hil zituen hiri batean, La Cumbren izugarrikerien museo bat eraikitzea ez zait aproposa iruditzen. Gasteizko oroimen zentroaren moduko zentro batek egon beharko luke La Cumbren.

Zer suposatuko luke PP-Vox gobernuak eta zer PSOE-Fronte Zabala gobernuak?

Badirudi badagoela Vox hurrengo gobernuan sartzearen beldur den jendea Donostian, bada, hori baldin bada euren kezka, bozka dezatela PP; gehiengo nahikoa badu PPk, ez du Vox beharko gobernatzeko. Agerikoa da, hori bai, PPk irabaziko dituela hauteskundeak.

2023ko uztailean, 15.600 bat boto lortu zituen PPk Donostian. Zer aurreikuspen dituzue orain?

Gipuzkoan jokoan dagoen eserlekuetako bat lortzetik oso gertu gaude. Ez dauka zentzurik Pedro Sanchezen politikak babesten ez dituen diputatu bat bera ere ez egotea Gipuzkoa ordezkatuz.

2027ko udal hauteskundeen lehen biratzat hartu daitezke A29koak?

2019tik hona, PPren joera goranzkoa izan da etengabe, Gipuzkoan eta Donostian. Azaroaren 29ko hauteskundeetan, aurrerapauso garrantzitsua emango dugula uste dut.

 


 

Victor-Lasa-web«Donostiak behar duen eredu aldaketa emateko, estatuan gobernu aurrerakoi bat behar da»

Zer dauka Donostiak jokoan A-29an?

Hiriak aurrean dituen krisiei erantzuten lagunduko duen gobernu bat edukitzea estatuan, edo, aldiz, krisi horiek larriagotuko dituen bat edukitzea.

Espainiako Gobernuaren esku hartzea behar zuten zenbait hiri proiektu ixten ari dira Donostian.

Ikusi dugu zein zaila izan den gobernu honekin, bada, PP-Vox gobernu batekin, planteatu ere egin ezingo liratekeen proiektuak dira kuartelena, kartzelakoa eta, batez ere, La Cumbreko memoria gunekoa, PP baita babesten ez duen udaleko talde bakarra.

Hain zuzen ere, Odon Elorzak esan izan dit PPren eskuetan zeuden Espainiako Gobernuak izan zirela oztopo nagusienetako bat bera alkate zenean.

PP-Vox edo PSOE-Fronte Zabala. Zer suposatuko luke bakoitzak hirian?

Egungo koalizio gobernua ahalegindu da PSOE-Unidas Podemos gobernua errepikatzen, baina diskurtso aurrerakoitik harago, ez du lortu, ez delako aurrerapauso garrantzitsurik egon. 

Hala ere, zalantzarik gabe, dena suntsitzera etorriko den PP-Vox gobernu bat baino askoz hobeto izango da egungoaren antzekoa izango den gobernu bat. Donostiak behar duen eredu aldaketa emateko modu bakarra estatuan gobernu aurrerakoi bat egotea da.

2023an, 12.300 bat boto lortu zituen Sumarrek Donostian (Ahal Dugurekin). Nola ikusten duzu espazio hori orain?

Dezepzio handi bat izan da denok espero genuen koalizioa lortu ez izana, ez dugulako lortu aldaketa errealak lortzeko borondatea batzea. Hain justu, alokairuaren merkatua erregulatu dezakegu gaur egun Donostian, Ahal Dugu ministroen kontseiluan egon zelako. Ezin dugu ahaztu zer den aldaketa erreal bat eta zer diskurtso hutsa.

Ate joka ditugu 2027ko udal hauteskundeak. Lehen itzulia dira igandekoak?

Herritarrek ulertzen dute zein den hauteskunde hauen eta Donostiako Udaleko 27 zinegotziak aukeratzeko hauteskundeen arteko desberdintasuna. Eta, abendutik maiatzera, gauza asko aldatu daitezke politikan.

HITZAkide HITZAkide