Udalak eta Adifek hitzarmena sinatu dute Tabakalerako plaza urbanizatzeko
Tabakalerako plaza.Donostiako Udala Norteko tren geltokiaren estalkia da Tabakalerako plaza, eta erabilgarri jartzeko pausoak ematen ari da Donostiako Udala. Astearteko Tokiko Gobernu Batzordean, plaza urbanizatzeko udalaren eta Adifen arteko hitzarmena onartu zuten.
Akordioaren helburua da bi erakundeen arteko lankidetza eta koordinazio araubidea ezartzea, egin beharrekoa bermatzeko. Lehenik, tren geltokiko bideen eta oinezkoen sarbideak hobetzea, hiriaren mendebaldetik. Bigarrenik, urbanizazioa bateragarria izatea trenbide lauzaren egiturarekin eta haren azpian dauden azpiegiturekin. Hirugarrenik, trenbide instalazioen ustiapen, mantentze, segurtasun eta irisgarritasun baldintzak errespetatzea. Eta azkenik, ondoriozko espazio publikoaren hiri, paisaia eta funtzio integrazio egokia lortzea.
Adifek obrak eta horiei lotutako laguntza teknikoak egiteko kostuaren %100 finantzatuko du —4.616.150 euro—, bai eta proiektua idazteko kostuaren %50 ere —245.017,70 euro—. Donostiako Udalari dagokio proiektua idazteko kostuaren %50 finantzatzea —245.017,70 euro—. Horrela, hitzarmenaren xede diren jarduketen kostu zenbatetsita 5.106.185,41 eurokoa da (BEZa barne).
Hitzarmenari aurre egiteko, udalak irailean 217.800 euroko konpromiso kredituak onartu zituen 2027rako eta 193.600 eurokoak 2028rako.

