Milaka lagun atera dira Donostiako kaleetara, etxebizitza eskubidearen alde
Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean, "espekulatzaile eta errentatzaileei aurre egitera" deitu dute Donostiako milaka grebalarik.
Milaka lagun atera dira kalera, etxebizitza eskubidearen alde.Nagore Garmendia Goizeko bide itxiera eta piketeen ostean, 12:30ean abiatu da azaroaren 11 honetako etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorreko manifestazio nagusia Donostian, Pio XIIaren plazatik. Egiatik, Amara Berritik eta Antiguatik abiatutako zutabeek bat egin ostean abiatu da mobilizazio jendetsua Bulebarrerantz, erdiguneko kaleak erabat betez. Erdigunean, aldarrikapen nagusi bat, lelo gisa: Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak (EHESS), Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek elkarrekin deitu dute azaroaren 11 honetako grebara, baita manifestazio horretara ere.
Amaierako hitzartzean, EHESSk, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk eta Hiruk hartu dute hitza, eta, lehenik eta behin, grebak izandako jarraipena ospatu dute: “Hego Euskal Herriko milaka eta milaka pertsonek lantokiak hustu eta kaleak bete ditugu, espekulazioaren eta errentatzaileen aurka”. “Langile klasea pobretzen ari da: gure soldatak ez dira igotzen, eta, bitartean, bizitzea gero eta garestiagoa da. Krisia dela diote, baina zer da krisia gutxi batzuk gehiengoaren kontura aberasteko aukera paregabea ez bada? Langileon aurkako eraso honi aurre egin behar diogu: soldatak igo daitezen borrokatu behar gara, gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka horren adibide”, gaineratu dute.
Alderdiak eta erakundeak
Ildo beretik, alderdi politiko eta erakunde publiko nagusiak seinalatu dituzte: “Batetik, PP, EAJ edo UPN, ezkutatu gabe, etxebizitzaren negozioa finantzatzen dutenak eta, are gehiago, negozioaren parte direnak. Bestetik, PSOEren gobernua seinalatu behar dugu; PSOE alderdi errentatzailea da, zortzi urtetan zehar ezer egin ez duena eta, are gehiago, etxebizitzaren negozioaren aldeko politikak bultzatu dituena”.
Halaber, “Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek, dituzten eskumen zabalak baliatuta, etxebizitzaren negozioa sustatzen duten politikak bultzatu dituzte”, sindikatuen ustez: “Higiezinen enpresen eta errentatzaileen interesei erantzunez, banketxeetara bideratzen diren diru laguntzak eta abalak bultzatu dituzte, eraikuntza ziklo berri bati ateak irekitzeko araudia aldatu dute eta etxejabe handiei zerga onurak eskaintzen dizkiete”. Era berean, udalak ere jarri dituzte jomugan: “Alderdi politiko desberdinek gobernatuta, alternatiba errealik eskaini gabe, etxegabetze aginduak baimendu eta gauzatzen dira”. “Errentatzaileen aldeko politikak egiteari uzteko garaia da, baita lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruan aurrerapausoak ematekoa ere”, gehitu dute.
Eskubidea, borrokaren bidez
“Etxebizitza eskubide bermatua izan behar da, hezkuntza edo osasungintza diren neurri berean”, aldarrikatu dute grebalariek: “Has gaitezen honetaz hitz egiten, hori posible nola egin pentsatzen. Ez dago arazo teknikorik, ez da etxebizitzarik falta, arazoa politikoa da, bizitzeko behar ditugun baliabideak kapitalisten eskuetan daudelako, eta ez langile klasearen esku”.
Horrela, “espekulazioarekin eta errentatzaileekin bukatzeko, “hiru norabide ildo nagusi” proposatzen dituzte sindikatuek: “Espekulatzaileen desjabetzea, milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daudelako; etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentatzailea debekatzea eta etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatzea”.
Hori gauzatu ahal izateko, nabarmendu dute ezinbestekoa dela antolakuntza eta borroka, eta, horren harira, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitza posibleei egin diete erreferentzia: “Jakin badakigu gaur gaurkoz ez dagoela norabide horretan urratsak egiteko borondaterik, ez dago langile klasearen aldeko indar korrelazio politikorik. Hori eraiki behar dugu, baina ez da eraikitzen ogi apurrak eskatuz, eraldaketa sakonak exijituz lortuko da. Euskal langileriak badaki eskubideak antolatuta eta borrokatuta lortzen direla. Hurrengo hilabeteetan, irekiko diren eszenatokien aurrean indartu, antolatu eta mobilizatu behar gara: eskuineko gobernu baten murrizketei aurre egiteko zein balizko beste gobernu aurrerakoi batek eman nahi ez dituen pausoak ematera bultzatzeko”.
“Gora langileon borroka”, gehitu dute hitzartzeen amaieran. Halaber, Eusko gudariak eta Zutik emakumeak abestuz itxi dute mobilizazioa, Bulebarrean bildutako milaka grebalarien aurrean.


