Auditz Akularrek eta Txomin Eneak Jaurlaritza izango dute akuilu
Udalak Eusko Jaurlaritza izango du bidelagun, azken legealdietan agindutako hirigintza egitasmo indartsuenak abian jarri ahal izateko. Txomin Enea eta Auditz Akularreko auzuneak, hortaz, ez dira bakarrik Udalaren eginkizun izango, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza saila ere akuilu lanetan ariko baita.
Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak 872 etxebizitza eraikiko ditu Loiolako eta Altzako hedapenotan. Denera, bost milioi euroko inbertsioa egingo du: hiru, Txomin Enearentzat eta bi, Auditz Akularrentzat.
«Pentsaeraz aldatzea»
Bi erakundeen arteko akordio honek Auditz Akularreko lehen faseari ekitea ahalbidetuko duela adierazi du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak. Lehenengo fasean, hain justu, babestutako 419 etxebizitza eta gazteentzako ehun apartamentu eraiki nahi dituzte.
Prozesu osoak aurrera egin dezan, berriz, «pentsaeraz aldatzea» eskatu die Odon Elorza alkateak banketxe, lurjabe pribatu eta sustatzaile pribatuei. Kutxari, besteak beste, Loiolako Erriberan bi eraikinen egitura ez aurrera ez atzera dituela gogorarazio dio.
Eragile gehiagorekin ala gabe, Auditz Akular eta Txomin Eneako urbanizazio lanei ekiteko lehiaketa udan abiarazteko moduan egongo direla zehaztu du Letamendiak. 34 milioi euro inbertitu beharko dituzten urbanizazio lan horien proiektuak, behintzat, maiatzerako onartu nahi dituzte behin betiko. Txomin Enean, gainera, desjabetze prozesuan murgilduta daude azaroaz geroztik, eta udararako amaitzea aurreikusi dute.
«Geldirik ez»
Aurrerapauso honek hiria bizi-bizirik dagoela erakusten duela esan du Odon Elorzak. Era horretan, EAJren jarrera kritikatu du Elorzak. Besteak beste, aurreko Eusko Jaurlaritzarekin halako hitzarmenik ez zela posible izango jakinarazi du. Are gehiago, babestutako etxebizitzen aldeko egitasmoei trabak jartzeko jarrerarekin kexu da alkatea, eta jeltzaleek uko egindako hainbat proiektu plazaratu ditu: «Errotaburun babestutako ehun etxe egiteko asmoari ezetz esan zioten, Txomin Enean desjabetzetarako eskuratu nahi zen kredituari ere uko egin zioten», aipatu du Elorzak.