Bizi duten «nahigabearekin» amaitu nahi dute Hydrako langileek
Ondarretan Hydrak dituen kirol instalazioek zeresana emango dute oraindik. Gimnasio eta kirol zerbitzu zabala eskaintzen zuen enpresari apirilaren 26an bukatuko zaio bertan lanean jarraitzeko baimena. Kirol ekipamenduak, bada, hotelari lekukoa ematea zuen Udalak aurreikusita. Asmo horiek, ordea, okertu egin dira, hotela jartzeko lehiaketara ez delako enpresarik aurkeztu. Udal arduradunentzat ezusteko gertakaria den bitartean, Hydrako langileek egoerarekin nekatuta daudela eta bizi duten «nahigabearekin» amaitu nahi dutela aitortu diote Irutxuloko Hitzari.
Epe laburrean, behintzat, egoerak konponbidera heltzeko trazarik ez du. Izan ere, Ondarretan hotela eraikitzeko asmoak bizpahiru urtez atzeratu nahi ditu Udalak, ekonomia arloan barealdia iristen denean, hain justu. Bien bitartean, armiarmek eraikina jan ez dezaten, kirol ekipamenduari eusteko beste lehiaketa bat abiarazteko asmoa dutela kontatu du Enrique Ramosek. Lehiaketa horrek Hydrari orain arte egindako lanarekin jarraitzeko aukera emango liokeela zehaztu du Sustapen zinegotziak.
Azken egunetan lehiaketaren inguruko nondik norakoak galdetzen aritu den jende andana dela-eta, lehiaketan partaiderik ez egotea harritu dituela adierazi du Ramosek, era berean.
Hydrako langileak, ordea, noraezean daude. «Zer egin ez dakitela» diote. Enpresaren nahiz udal arduradunen aldetik berririk ez dutela jaso adierazi dute. Azkeneko gertaerak, gainera, langileen aurreikuspenetan ez zeudela jakinarazi dute. Kirol ekipamenduarekin aurrera ez jarraitzeko asmoei erreparatuta, langabezian ikusten zuten beren burua maiatzaren lehenengotik aurrera. Udalak, orain, bizpahiru urtez kirol ekipamenduarekin jarraitzeko iragarpenak, ordea, galdera bakarra sortarazi die Hiydrako langileei: «Eta orain, zer?».
«Zur eta lur» daudela gaineratu dute, egungoa ez den beste enpresarik ez dutelako ikusten Udalak abian jarri nahi duen lehiaketaren jabe egiteko. «Beste enpresa batek hartu nahi izanez gero, inbertsio handia egin beharko luke azpiegitura eraberritzen, eta ez luke etekinik jasotzeko astirik izango», azaldu dute.