Transitia, Murias eta Iza enpresa taldeak eraikiko du autobus geltokia
Transitia, Murias eta Iza enpresek osatutako taldeak hartuko du Amarako geltoki zaharra ordezkatuko duen ekipamendu modernoa egiteko ardura. Geltokiaren kudeaketa ere haien esku geratuko da. 50 urteko iraupena izango du kontratuak.
Krisi ekonomikoak lehiaketa hautagairik gabe uzteko beldur zirenez, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azpiegitura eraikitzeko 13 milioi euroko ekarpena egitea adostu zuten. Aldundiak, zehazki, 6,3 milioi euro jarriko ditu: 1,5 milioi euro aurten, ia lau datorren urtean eta 800.500 euro, 2013an.
Baldintza horietan lehiatzeko asmoz, hiru enpresa taldek aurkeztu zuten euren proposamena: Campezo eta Moyuak, Afisa eta Giroak eta Transitia, Murias eta Izak. Talde horrek azpiegitura egituratzeko beharrezko proiektuak gauzatu beharko ditu, lehenik. Behin plano guztiak egituratu dituztela autobus geltokia eraikitzen hasiko lirateke. Eraikitze lanetarako bi urte eta lau hilabeteko epea aurreikusi dute.