Ostiralean hasiko da IX. Giza Eskubideen Zinemaldia. Josemi Beltranentzat, ordea, lehen ekitaldia izango da, iragan urtarrilean hartu baitzuen Donostia Kulturaren zine unitatearen ardura
JOSEMI BELTRAN: Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendaria.

Josemi Beltran, Giza Eskubideen Zinemaldiaren zuzendaria.
Ostiralean hasiko da IX. Giza Eskubideen Zinemaldia. Beltranentzat, ordea, lehen ekitaldia izango da, iragan urtarrilean hartu baitzuen Donostia Kulturaren zine unitatearen ardura.
Larrotxene kultur etxearen zuzendaritza utzi, eta Donostia Kulturaren zine unitatearen ardura bere gain hartu du Josemi Beltranek (Zarautz, 1972). Pozik dago, Giza Eskubideen Zinemaldia zuzendari eta gai berriak ezagutzeko aukera polita izan dela uste baitu. Hautatutako lanekin gustura dago: «Film guzti guztiak sinatuko nituzke». Zinema aretoetan estreinatuko diren laupabost film izan ezik, jaialdia hainbat lan ikusteko aukera bakarra izango ziurtatu du: «Filma proiektatzeaz gain, ondorengo solasaldian parte hartzeko aukera ere ematen diogu publikoari. Esperientzia hori sortu nahi dugu». Zuzendari berriak luze eta zabal hitz egin du aurtengo programazioaren inguruan
Irutxuloko Hitza-rekin.
Lehen ekitaldia izango da zuretzat. Urduri al zaude?
Oso pozik nago. Lan talde polita daukat, eskarmentu handikoa, eta erraza da lanean jarraitzea. Abesti hark esaten zuen moduan, ez dira garai onenak. Krisia erronka berria dugu. Irudimena behar dugu. Halere, zorionekoak garela uste dut, Donostian publikoa daukagulako, eta zinemazale andana dagoelako.
Kim Longinottok jasoko du jaialdiaren saria. Nor da?
Giza Eskubideekin edota gizarte gaiekin lotura izan duen zinemagile batek eskuratu ohi du saria. Longinotto publikoarentzat ezaguna ez bada ere, hogei film egin ditu ja, emakumearen ingurukoak gehienak. Dokumentalgilea da, eta horiek beti geratzen dira bigarren planoan, zirkuitua txikiagoa da. Iran, India, Kenia, Ingalaterra… Munduko hainbat herrialdetan lan egin du. Emakumeei ez ezik haurrei ere arreta berezia eskaintzen die. Errespetu handiz gerturatzen da haiengana, haien eguneroko bizitzan. Emakumeen egoera larri eta latzaren erretratua egiten du. Gogotsu nago Longinotto etorri, eta nola lan egin duen galdetzeko. Zein tresna erabiltzen dituen, nola prestatzen dituen dokumentalak, nola lortzen duen naturaltasuna… Trebetasun handia erakutsi du. ‘Pink Saris’ azken filma aurkeztuko du Donostian. India iparraldean girotutako istorioa dakar. Sampat Palek izeneko emakumea aurkeztuko digu. Emakume indartsua da. Beti agertzen dira horrelakoak bere lanetan. Emakume honen borroka kontatuko digu.
Egitarauan hainbat emakumeren lanak ikusiko ditugu ekitaldi honetan.
Hainbat emakume ausartu dira haien istorioak kontatzera: Laura Poitras, Rebeca Cammisa, Claire Denis, Feo Aladag, Rosa Baches, Maider Oleaga… Gehienek dokumentalak egin dituzte. Istorioak kontatzeko modu errazagoa da, beharbada, diru kontuei dagokionean, behintzat. ‘Las joyas de la calle’ Hanburgon girotuta dago. Transexualitatearen ingurukoa da. ‘Which Way Home’ Oscar sarietarako izendatu zuten. Hego Amerikatik AEBetara trenez iristen diren adin txikikoak dira protagonistak. Claire Denisena kasu desberdina da. Ospea du, eskarmentu handiko egilea da. ‘White material’ filmean aktore ospetsuak elkartu ditu, Isabelle Huppert eta Christopher Lambert, besteren artean.
Krisi ekonomiko betean, izango da horren inguruan gogoeta egin duen zinemagilerik…
Ekonomiak gure egunerokotasunean eta gure askatasunean ere duen eragina islatu nahi genuen. Horregatik hautatu genuen ‘Cleveland vs. Wall Street’. Zabor hipotekak dira protagonistak, eta horiek jende arruntarengan duen eragina azaltzen du filmak. Benetako lekuko, epaile eta fiskalekin, epaiketa bat sortu du egileak. Ekonomia handiaren aurkako epaiketa, hain zuzen. Formatua oso berritzailea da. Estatu Batuetako telebistako epaiketa horien antza du, baina hau dokumentala da, eta pertsonaiak benetakoak dira. Tentsioa sortzen du, eta bankuen sistemak nola funtzionatzen duen azaltzen du.
Baikorrak izateko esperantzarik gordetzen al dute zinemagileek?
Egoera larriak salatzen dituzten filmak daude programazioan. Baina tonuak desberdinak dira. Badira batzuk positiboagoak, etsiak hartutakoak, besteak… Oreka lortzen saiatzen gara. Nik ez dut uste horrela denik, baina jendeak esaten digu Giza Eskubideen Zinemaldian urduri edo triste ateratzen direla proiekzioetatik. Ez du zertan horrela izan behar. Egia da munduaren gainean kezka agertzen duen zinema dela, baina kezkatzeko moduak askotarikoak dira. ‘Hermano’-n, esaterako, miseria giroa da nagusi, baina film bitalista eta baikorra da. ‘Las joyas de la calle’ ere bai. Jarrera oso baikorra du egileak. ‘Liberte’ ijitoei buruzko film historikoak ere bai. Bigarren Mundu Gerran naziek ijitoen aurkako jazarpen prozesua kontatzen du. Halere, askatasunari egindako kantua da, eta mezua polita da. ‘Benda Bilili!’ filmak Kinshasako musika talde baten historia kontatzen du. Filma eta kontzertua da. aldi berean. Polimilitisak jota daude, baina aurrera egiten dute. Jazzaldian izango dira gainera, zuzenean. Abestien hitzak ihes egiteko kantuak dira. Kezkatuta daude haien herrialdearen egoerarekin, eta mezu baikorrak zabaltzen dituzte haien kantuetan. Bihotzak altxatzeko modukoa da.
Zeintzuk dira zure ustez, programazioko harri bitxiak?
Harribitxi berezia da ‘Barzakh’ filma. Txetxeniari buruzko dokumental berezia da. Poetikoa, zenbait momentutan. Txetxeniako gerran desagertu diren gazteei buruz hitz egiten du. Familien etxeen barruan sartzen dira kamerak. Desagertuek utzitako hutsunearen gainean hitz egiten dute. Patricio Guzman txiletarrak harrituta utzi nau ‘Nostalgia de la luz’ lanarekin. Onenetakoa da nire ustez. Erbestean bizi izan da Frantzian, baina interes handia zuen Salvador Allenderen garaiarekin. Astronomia eta Txileko desagertuak lotu ditu. Atacamako basamortuko zeruaren irudiak, lurrean dagoenarekin, desagertuen arrastoekin lotu du. Han lurperatu zituzten hainbat txiletar. Guzmanek familien adierazpenak astronomoenekin nahastu ditu. ‘Post Mortem’ fikziozko pelikulak ere Txileko desagertuen drama plazaratu du. Kaurismakiren filmeekin konparatuko nuke, estiloari dagokionez.
Berlusconi ere izango duzue gonbidatu moduan…
Bai, ‘Videocracy’ dokumentalean. Italian telezaborrak jendearengan izan duen eragina azaltzen du. Umore kutsua du, baina badu patetismo ikutu bat ere. Telebistan agertzea da jende askoren aspirazio gorena. Eta hori politikarekin lotzen du. Berlusconi du jomuga. Pertsonaia estrafalarioak agertzen dira, kalekoak, telebista mundukoak… Beharbada ez ditugu ezagutzen, baina estatuan dauden patroi bereko pertsonaiak ekarriko dizkigu gogora.
Zein filmek utziko du harrituta
publikoa?
‘Chagos ou la memoire des iles / Unforgotten islands’ filmak historia harrigarria dakar. Indikoko irla batean AEBren base militarra eraiki zuten, eta handik bota zituzten biztanle guztiak. Haien ametsa itzultzea da. Komunitate baten tragedia da. Aberririk gabe utzi dituzte.