'Azken Agurra': Barre eginez hiltzea edo bizitzen ikastea
Azken agurra filmeko fotograma bat.Azken Agurra Sail Ofiziala
Filma: Azken Agurra
Zuzendaria: Koldo Almandoz
Zinema aretoaren kanpoan galdera bat: zergatik ez dago pelikula hau Sail Ofizialean, lehian. Urrezko Maskorra irabazteko modukoa ez da akaso. Baina pelikula erdipurdikoago dezente ikusi ditugu lehiaketa nagusian. Diglosiaren madarikazio eternalari bota behar susmoa?
Umorea gauza bitxia da. Subkontzientean duen leizeagatik, kulturan duen heldulekuagatik, auskalo zergatik, bakoitzari desberdin eragiten dio. Barre eta barre egin dugu batzuk aretoan, esaldi bakoitzarekin. Beste batzuek, ba ez, zer egingo diogu. Umore beltzekoa dela entzun nuen, baina ez dakit ba nik, umorea den beltza, edo eszenatokia.
Azken Agurra hileta zerbitzu laikoaren jabea da Tomas. Diru beltza garbitzeko ideia perfektuaren bila, bere alabari bere porrotak ezkutatzeko aukera ñimiñoa eraiki nahian. Tomas jauna [Julen Azpitarte bikaina] euskal gizarteko antiheroi perfektua da. Internazionala du segapotoko politonoa, eta faboreak eska eta eska, ez da gai bi gauza ondo egiteko jarraian. Eta hori bai: itxurakeria galanta. Gezur batekin bestea estali, printzipiorik gabe, bertuterik gabe, graziaputarik gabe, akats bat akats batekin konpontzeko
Gainontzekoei eufemismo eta lapurtutako esaldiekin esaten du serio: “Lehen inpresioa da inportanteena”. Desafinatutako piano baten akorde disonantea da Tomas. Eta ez du pelikula honek salbatuko, ez bada bere hilobia are gehiago zulatzen. Bikaina da Sararen ispilu lana [Izaro Nietoren lehen lan azpimarragarria], baita Iñaki Beraetxe ilun eta deserosoa.
Pelikula on bat egiteko badirudi beharrezkoa dela ikuspegi politikoa edo poetikoa fin, zuzen eta zorrotz izatea. Umoretik ere eraiki daiteke giza naturaren irudi bat, berdin inspiragarri, berdin arbuiagarri. Baina entretenimendutik harago, balioko duena geure bizitzak ibiltzeko. Adibidez, gogoratzeko, ez direla lagun onak sendatu gabeko zauriak eta faltsukeria. Ihes egitea aukera bat izan daitekeela behin edo bitan. Baina etsaia zu zeu zarenean, aurre egitea beste erremediorik ez duzula. Eta turisten kruzeroak promesa ezin faltsuagoak direla.
Euskaraz egiten den zinemarik onenen artean daude Koldo Almandozen pelikulak. Baina akaso ez dira jende guztiarentat eroso eta atseginen. Eta susmoa daukat, euskararen kultur zera honek hori bera saritu nahiko lukeela: ezderosotasuna eta atsegintasuna.

