Tamesiseko esperientzia ekarri dute
SAILKAPENA :
Seniorrak (393 ontzi).
The Head of the River Race estropada jokatu dute joan den asteburuan Londresen 600 ontzi inguruk; Ur-Kirolakeko eta Donostia Arraun Lagunakeko ontziak bertan lehiatu dira.
Neguan Donostiako ontziek jokatzen dituzten jaitsieren antzeko distantzia du The Head of the River Race estropada ezagunak, 6.000 metro inguru. Hala ere ez du zerikusirik Londreseko Tamesis ibaian jokatzen den estropadak gure inguruan antolatzen direnekin. Joan den asteburuan ehundaka ontzi bildu dira Londresen, eta tartean Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunakeko zortzikoak aritu dira lehian. Larunbatean seniorren 393 ontzien txanda izan zen eta, bertan, Urkiko bi ontzi eta Arrauneko bat lehiatu ziren. Igandean, berriz, 197 ontzi senior izan ziren eta horien artean ere hiru ontzi donostiar baziren. Irutxuloko Hitzak protagonistetako batzuekin hitz egiteko aukera izan du.
Urkiko ontzi seniorreko Xabier Zabala taldeko entrenatzailea eta arraunlaria da aldi berean eta, bere hitzetan, Londresekoak ez du inguruko estropadekin zerikusirik. «Ezin da alderatu, uraren indarra, marea eta eguraldiak eragin handia dute». Edonola ere, pozik daude egindako lanarekin. «Londreseko estropada, Euskadiko Txapelketarako bidean, helburuetako bat zen. Horretaz gain, halako estropada esanguratsu bat ezagutzeko aukera izan dugu eta atzerrian nazioarteko ontziekin lehiatu gara. Helburu horiek bete ditugu, baina, arraun eremua nahiko mugitua zegoenez, ez genuen guztiz gozatu arraunean. Hala ere, sentsazio politarekin itzuli gara etxera, itzultzeko gogoarekin».
Ostiralean hartu zuten Urkiko kideek Miarritzetik Londresera zijoan hegazkina. «Lan eta ikasketa arazoak zirela eta, bidaia azkarra egin behar izan dugu. Ostiralean arratsaldean atera ginen eta igande arratsaldean bueltan ginen. Ostiralean han entrenatzeko asmoa genuen, baina, autobusa berandutu egin zenez, plan aldaketa egin genuen. Larunbatean, gosaldu ondoren, estropada eremua ezagutzera joan ginen, entrenamendu txiki bat egin genuen eta inguruan geratu ginen bazkaltzen. Arratsaldean estropada jokatu eta iluntzean hiria pixka bat ezagutzeko aukera izan genuen», azaldu du Zabalak.
Esperientziari dagokionean, oso ona izan dela onartu du Zabalak. «Egia esan estropada ikaragarria da, zortziko pila bat batera eta antolakuntza izugarriarekin. Gainera, mundu guztia errespetu handiz ibili zen, bai uretan, bai uretatik kanpo, aldageletan, irteerak emateko garaian, irten aurretik uretan itxaron beharreko denboran… jendeak kirolerako beste ohitura bat dauka eta beste errespetu bat eta halako gauza bat antolatzeko behar dena da. Egia esan, oso ezusteko atsegina izan da», aipatu du.
Londreseko estropada joan den arren, oraindik ez da aulki mugikorreko denboraldia bukatu. «Hilabete honen barruan, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak hartuko ditugu helburutzat. Traineruko prestakuntza alde batera utzi gabe, entrenatzen jarraituko dugu». Hala, azken hiruzpalau urteetan zortzikorik gabe egon ondoren, aurten ekindako bidea mantentzea espero du Zabalak. «Behin ontzia ureteratuta, gure asmoa datozen urteetarako taldea sortzea izan da eta poliki-poliki gazteak sartzen joatea. Azken urteetan izan ez duen dinamikan sartzea nahi dugu kluba».
Beteranoak, saririk gabe
Beteranoei dagokienean, iaz ezustekoa eman eta euren kategoriako txapeldunak izan ziren arren, aurten behera egin dute Arraunekoek. Zehazki, zazpigarren postuan sailkatu dira, 19:41:62ko denborarekin, Bristol City irabazleengandik 56 segundora.
Urkiko beste bi ontzi senior ere izan ziren igandeko estropadan, baina horiek beste ideia batekin joan ziren. «Parte hartzera joan ginen, baina bagenekien zein mailarekin topo egingo genuen. Entrenatu dugunerako lan ona egin dugu, baina beste estrategia batekin segundo batzuk aurreratuko genituzte. Azken finean, estropadara bai, baina garagardoa edatera ere joan ginen», onartu du Urkiko Iñaki Burutaranek.
- 62. D. Arraun Lagunak: 18:10:39
- 94. Ur-Kirolak: 18:23:51.
- 218. Ur-Kirolak (jubenilak): 19:11:66.
- 7. D. Arraun Lagunak: 19:41.62.
- 24. Ur-Kirolak I: 20:15:04.
- 112. Ur-Kirolak II: 22:09.09.