Jon Santacana, ezkerretik hirugarrena, eslaloneko podiumean (Argazkia: Servimedia)
Elbarrien Espainiako Eski Alpinoko XXV. Txapelketa jokatzen ari dira, Andorrako Pas de la Casa estazioan. Ikusmen arazoak dituen Jon Santacana donostiarra bertan parte hartzen ari da eta dagoeneko eskuratu du lehenengo domina. Izan ere, bere modalitatean, eslalon probako azkarrena izan zen atzo, Miguel Galindo gidaren laguntzarekin. Zehazki, 1’11’’97 ko denbora egin zuen Santacanak eta bigarren azkarrenak Gabriel Gorce eta Arnau Ferrer gida izan ziren (1’13’’79). Hirugarren postuan, berriz, Sergio Alvarez eta Fernando Liste geratu ziren (1’31’’10). Txapelketa gaur bukatuko da, super erraldoi eta jaitsiera probekin.
De la Cuesta, indartsu
Sierra Nevadan, berriz, Eski Alpinoko Andaluziako Txapelketa jokatzen ari dira. Hain justu ere, bihar hasiko den Espainiako Txapelketarako beroketa da. Paul de la Cuesta donostiarrak lan ona egin zuen atzo eta erraldoia irabazi zuen. Bere atzetik, bi kataluniar geratu ziren, Guillem Capdevila eta Artur Marti. Zorte izan zuten kataluniarrek, izan ere, lehia irabazteko faboritoak ziren Ferran Terra eta Pol Carreras eskiatzaileak erori egin ziren.