'El metodo Julio' aurkeztuko du Jon Garañok
Gasteizko Cortada film laburren jaialdian aurkeztu zuen, eta orain Donostiara iritsi da, Giza Eskubideen Zinemaldira. Jon Garaño zinemagile donostiarrak iragan neguan Caracasko Petare auzoan grabatutako El metodo Julio lana proiektatuko dute gaur, 19:00etan, Victoria Eugenian. Lankidetzarako Ingeniaritza Elkarteak Miren Egiguren euskal kooperanteak bertan egiten duen lanaren inguruan film labur bat agindu zion. Bat bakarrik ez, bi egin zituen: El metodo Julio eta La casa del Nazareno. Biek ala biek Venezuelako auzo arriskutsuenetakoan bizi direnen egunerokoa islatzen dute. Testuinguru latz eta gogorrenean ere, esperantza izateko arrazoiak badirela erakutsiko du protagonistak, Miren Egigurenek.
Komunitate baten egunerokoa
Irakurtzen eta idazten ikasteko metodoa da El metodo Julio. Miren Egigurenek ikasteko zailtasunak dituzten haurrei irakasteko asmatu zuen, hizkiak eta marrazkiak lotuz. «Bere lana miresgarria da», dio Garañok. Berrogei urte eman ditu Egigurenek Petaren lanean: «Atsedenik hartu gabe eta egunero egiten du lan, bertako komunitatearen alde. Izugarria da egoera aldatzeko egiten duen esfortzua. Gelditu ezin daitekeen motorea da, eta energia horri esker lortu du hain zuzen ere, lortu duen guztia».
Julio metodoa asmatu izana «miraria» egitea bezalakoa dela uste du Garañok: «Hainbat umerekin lan egiten du, eta gainera, kasurik zailenak ditu gogokoen. Pazientzia handia du lan egiteko. Bere izaera berezia da. Haserre dagoela ematen du, baina aldi berean umore handia duela nabaritzen da».
Halere, metodoa bertako komunitatearen egunerokoa kontatzeko «aitzakia» dela dio zuzendariak: «Caracas inguruko auzoa da Petare. Bandak, tiroketak, indarkeria, mendekua… Bertakoen testigantzak jaso genituen, eta guzti guztiek ezagutzen dute tiroketa batean hil den pertsona bat». Hainbat haurren etorkizuna banda hauei lotuta dago, eta horren aurka egiten du borroka Miren Egigurenek: «Berak badaki bere ikasle asko banda horietan sartuko direla, baina ahal dituenak salbatzeko esfortzua egingo du halere. Egoera honek fikziozkoa dirudi guretzat, baina haientzat egunerokoa da. Arazoa oso larria da».
Garañoren ustez, «Miren ezin da ulertu auzoa gabe, eta alderantziz. Bertan egin duen guztiagatik. Hainbat ekimen sortu eta hainbat alternatiba eskaini dizkie haurrei aukera bat emateko. Asko errespetatzen dute, gainera. Gazte gehienen irakaslea izan baita».
El metodo Julio-ren ondoren (19:00), emanaldi berean, Patricio Guzmanek Txileko desagertuen inguruan egindako Nostalgia de la luz filma proiektatuko dute.

