Odola emateko beharrezko tresna guztiak izan dituzte Deustuko Unibertsitateko Egiako Campusean. (Argazkia: Mikel Goñi
Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak urteko bisita egin die Deustuko Unibertsitateko ikasleei. Ikasle talde batek osatu du sustatze kanpaina, 100 poltsen kopurua buruan izaki. Emaileek, berriz, hurkoa laguntzea dute xede, eta lehen urtez sare sozialak erabili dituzte, gaurko odol ematerako aldez aurretik izena emateko.
Sabin Urzelai da Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko lehendakaria, eta berak dioenez, duela bost urte-edo emaile gazte gutxi zegoela konturatu ziren. Hori dela-eta, hainbat ikastegietara gerturatzea erabaki zuten. Horien artean zegoen Deustuko Unibertsitatearen Egiako campusa. Odolarekin batera, bizia ematen dutela konbentzituta dago elkartearen burua.
Emaitza onak eman ditu hurbiltzeak, eta urteotan 3.000 odol poltsatik gora jaso dituztela nabarmendu du Urzelaik. “Gainera, hemen
engantxatzen ditugu eta gero guregana itzultzen dira”, onartu du barre artean. Hain zuzen ere, behin odola ematen dutenetako askok errepikatu egiten dute. Emaileen lehendakariak azaldu duenez, “aurten eman dutenen erdiak, edo gehiagok, iaz ere eman zuten”.
Errepikatu dutenetako bat izan da Garbine Oiartzabal. Min pixka bat ematen duela adierazi arren, argi dauka hori jasateko arrazoia. “Noizbait denok beharko dugu odola, eta horregatik ematen dut, beharrezkoa delako”.
Oiartzabalen bigarren urtea izanik ere, sare sozialen bidez ezagutu ditu aurtengo ematearen zehaztasunak. Maialen Ormaetxeak azaldu duenez, hori da aldi honetan hobetu duten gauzetako bat. “Interneteko sare sozialak hobeto erabiltzen ari gara, aldez aurretiko hitzordua eskatzeko modua jarri baitugu”.
Jai giroa eman nahi izan diote odol emateari. (Argazkia: Mikel Goñi)
Hain zuzen ere, Ormaetxeak eta bere ikaskideek uste dute beste urteetako edizioetan hori izan dela akatsetako bat. “Jendea ematera etorri, eta itxaron egin behar izaten zuen. Batzuek eskola ordutegiagatik alde egin behar izaten zuten”, azaldu du taldeko koordinatzaile Ane Galdosek. Laukoteak eguneko ekimenerako asteetako lana egin du. Marketing eta komunikazio plana osatzearekin batera, ñabardura alaia eman nahi izan diote egunari. “Jai kutsua eman diogu honi, bestei laguntzea alaia delako”.