Zinema egiten eta ikusten ikasteko liburua kaleratu du Isabel Albak
Hamabost urte egin ditu Isabel Alba donostiarrak ikus-entzunezkoen inguruan eskolak ematen. Unibertsitatean, Politeknikoan, Larrotxenen… Kameraren atzeko sekretuak azaltzea da bere pasioa. Urte hauetan guztietan jasotako esperientzia guztia idatzi, eta Kameraren atzetik. Irudien bidez narrazioak egitea: gidoitik filmera liburuan bildu du. Esperientzia hori publiko zabalarekin partekatu nahi izan du Albak. Bi urte ibili da argitalpen honetan buru belarri lanean.
Irakurlearen adina, lanbidea, edo liburua irakurtzeko arrazoia zein den berdin dio. Ikus-entzunezkoen lengoaiaren nondik norakoak ezagutu nahi dutenentzat idatzitako eskuliburua da. Irakasleentzako, zinema egiten hasi nahi dutenentzako, irudiak modu kritikoan ikusi nahi dituztenentzako…
Istorio bat, hamaika egitura
«Urte hauetan guztietan egin dudanaren isla da. Askotariko ikasleak izan ditut. Guztiengana iristea izan da beti nire helburua. Gabezia bat dago. Zinemaren inguruko liburuak badaude, baina sektore oso zehatz batzuentzako egin dituzte. Ez dute ikuspegi zabal eta kritiko bat. Gidoian, esaterako, Hollywoodeko ereduak gailentzen dira. Nik istorioak kontatzeko mila modu daudela azaldu nahi diet irakurleei. Ikus-entzunezkoen tresnak ondo ezagutu, eta aukeratu egin behar dute», azaldu du Albak. Haren ustez, ikus-entzunezkoen gaineko ikasketak oraindik ere elitistak dira. Eskola pribatuak eta garestiak dira. Gure lanaren bidez, zinemara gerturatzen diren horiei aholkuak eman nahi dizkiogu. Zineman hasten direnek dituzten gabeziak asetu nahi izan ditugu, gainera. Gidoi tekniko bat nola idatzi behar den azaldu diegu, eskaleta eredu bat eman diegu, eta errodaje plan baten eredua ere».
Gidoi onak idazteko giltzarriak eskaini ditu, ohiko akatsez ohartaraziko diru irakurleak, eta gidoia irudi bihurtzeko behar diren egiturak eman ditu. Ikus-entzunezkoen gaineko liburu batean, DVD bat ezin zen falta. Lehen ikus-entzunezko proiektua egiteko prozesua, gidoitik muntaia arte, nola egiten den azaltzen du liburuaren osagarri den pieza honek. Urte luzez Albarekin lanean aritu den Pello Gutierrez gazte donostiarrak egin du: «Irudi bidez egindako azalpena da. Liburua osatzen du, baina liburua irakurri gabe ere ere ikus daiteke».
Liburua euskaraz, katalanez eta gazteleraz argitaratu du Montesinos argitaletxeak. Imanol Haro donostiarrak itzuli du euskarara: «Itzultzaile izan baino lehen, liburuaren irakurle izan naiz. Ikusten duguna hobeto ulertzeko tresnak ere ematen ditu. Zinema beste modu batean ikusi nahi duen ikusle arruntarentzat ere bada. Zine eredu jakin bat da nagusi. Karteleran dauden film gehienak halakoak dira. Hollywoodeko paradigmaren baitan daudenak. Baina badago ia jarrera monopolista bat zine eredu jakin batekin. Albak beste zine ereduak badaudela ikusarazi dit».
Zinema komertzialaz haratago
Albaren ustez, «gidoi eskuliburu eta ikastaro gehienak eredu horretara mugatzen dira. Eredu narratibo klasiko baten oinordekoa da, besterik gabe. Eredu klasiko horrekin hausteko aukerak ematen ditut. Ikuspegi kritikoa ere plazaratu dut. Eredu horretara ohituta gaude, baina zinemagile bakoitzak bere istorioa kontatzeko egitura bilatu behar du. Zinema komertzialaz haratago iritsi behar dute sortzaileek.
Irakasleentzako aholku bat ere eman du Albak: «Asko ditut, baina garrantzitsuena, haiei egiten uztea da. Irakasleek egiten lagundu behar diegu, baina ez dugu haien lana egin behar. Bidea erakutsi behar diegu, erraztu. Eta betiere ikuspegi oso kritikoa erakutsi behar diegu. Kolonizazio ideologiko eta kulturalarekin hautsi behar dugu. Eredu bakarra dela dirudi, baina monopolioekin hautsi egin behar da.
Gaur, asteazkena, Koldo Mitxelenan izango dira Isabel Alba, Pello Gutierrez eta Imanol Haro. Liburua aurkeztuko dute jendaurrean, 19:30ean. Juanmi Gutierrez zinemagile donostiarra ere haiekin izango da.