Iruñeko espetxearen tankerakoa izango da Zubietan eraikiko dutena.
Parte Zaharrean zegoen kartzela harresien mugak gainditu eta Ondarretara lekualdatu zuten. Hiriaren hazkundearekin bat, Martuteneko bidea hartu zuen. Egun, Urumea bazterrean dagoen kartzela, bada, txiki geratu da eta Zubieta aldera egingo du leku gehiagoren bila. Eskuzaitzetako gainean eraikiko dute eta Martutenekoaren lur eremua bederatzi bider handituko du: etorkizuneko espetxeak 18 hektarea izango dituen bitartean, egungoak bi ditu.
Eraikitzen espero baino lehen hasiko direla baieztatu dute agintariek, langileentzako etxolak jada bertan daudelako. Espainian espetxe azpiegitura eta ekipamenduez arduratzen den Siep sozietateko Angel Maria Martinez San Juanek adierazi duenez, maiatzean hasiko dira espetxea altxatzeko lurrak mugitzen. Egiteko horretarako 10-12 hilabete beharko dituzte. Azpiegitura bukatzeko, berriz, 113 milioi euro gastatuko dituzte. Honenbestez, 2014 urterako Martutene itxiko dutela esan du Martinez San Juanek.
Zubietan kartzela egiteko, Siep sozietateko presidenteak eta Odon Elorza alkateak sinatu duten hitzarmen ekitaldian, albiste hori Txomin Eneako etxebizitza egitasmoarentzat ere pozgarria dela azaldu du alkateak, «bultzada handia» emango diolako. Izan ere, auzuneko azken faseari ekiteko beharrezkoa da Martuteneko espetxea eraistea.