Añorga arigune: euskarari arnasa eman, zabaltzeko
Euskararen arnasguneak indartu eta zabaltzeko asmoz, Gipuzkoa arigune egitasmoa garatzen ari dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua, besteak beste, Añorga arigune proiektuaren bidez. Auzo osoa euskaraz lasai eta eroso aritzeko gunea izatea da helburua, eta bi urte inguru daramatzate horretarako lanean, Añorgako herritar eta eragile ugariren parte hartzearekin. Lanketa fruituak ematen hasi da, eta parte hartzaileek argi dute Añorga «eredu» izan daitekeela.
Añorga arigune proiektuan parte hartzen ari diren zenbait herritar.Joseba Parron San Sebastian Hamaika aurpegi dituen euskararen aurkako oldarraldi betean, euskararen inguruko albiste txarrak dira nagusi azkenaldian; edo, behintzat, horiek dira oihartzun gehien izaten dutenak. Txanponaren ifrentzuan, ordea, euskara bizirik mantentzeko ez ezik, indarberritzeko lan nekaezin eta etengabean dabiltzan ehunka herritar eta eragile daude. Añorga arigune egitasmoa da horren erakusgarri, izenak berak dioen moduan, Añorga auzo osoa arigune bihurtzea xede duena; euskaraz eroso aritzeko gune bilakatzea, alegia. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sustatutako Gipuzkoa arigune proiektuaren lehenengo esperimentazio fasearen parte da Añorga, Antzuola eta Aia herriekin batera.
Zergatik Añorga, ordea? Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendari Edurne Otamendik azaldu duenez, egitasmoaren sustatzaileek Gipuzkoako bi herri eta Donostiako auzo bat nahi zituzten proiektu pilotuak abiatzeko: «Euskararen ezagutza eta erabilera datuengatik, Añorga aproposa iruditu zitzaigun horretarako». Hain zuzen ere, Zubietarekin eta Igeldorekin batera, Añorgakoa da, Donostiako auzo eta herrien artean, ezagutza eta erabilera maila altuena. Horrela, Gipuzkoa arigune egitasmoaren aurkezpena egin zuten Añorgan duela bi urte inguru, eta «jende ugarik eman zuen izena, talde eragilean parte hartzeko zein lan puntualetan laguntzeko», Taupako Unai Ormaetxeak nabarmendu duenez.
«Euskararen ezagutza eta erabilera datuengatik, Añorga aproposa iruditu zitzaigun proiektua martxan jartzeko»
Edurne Otamendi, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendaria
«Aste Santutik aurrera, arigunea iraunkor egiteko hirugarren eta azken fasean sartzea da asmoa»
Unai Ormaetxea, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kidea
Añorgatarren babesa jasota, beraz, Añorga arigune proiektua abiatu zuten, antolakuntza foroa sortuz, «Gipuzkoa ariguneren metodologia Añorgara jaisteko talde eragilea»; añorgatar militanteak, eragile ugaritako ordezkariak, Euskara Zerbitzuko teknikariak, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideak eta Taupakoak daude hilero biltzen den talde horretan. Añorgatarrek bi urte luze daramatzate Añorga arigune proiektua gauzatzeko buru-belarri lanean, eta hasi berri den ikasturtea funtsezkoa izango dela azaldu du Ormaetxeak: «Lehenengo fasea, egitasmoa abiaraztekoa, egin dugu dagoeneko. Garatze fasean gaude gaur egun, eta, Aste Santutik aurrera, arigunea iraunkor egiteko hirugarren eta azken fasean sartzea da asmoa».
Ulermena eta aktibazioa
Arigune bat sortzeko, ezinbestekoa da euskararen ulermena orokortzea, eta hasieratik heldu diote horri Añorgan: «Lehenengo faseko lehen ekimen garrantzitsua Añorgako azterketa komunitarioa izan zen, hizkuntzaren erabilera gune eta une nagusiak identifikatzeko, mapa handi baten laguntzaz. Identifikatu zen, besteak beste, Añorgan ulergaitasuna non ez dagoen ziurtatuta. Hori garrantzitsua izan zen, erdaldunak gero ulersaioetara gonbidatzeko», kontatu du Taupako kideak.
Gutxieneko maila batean euskara ulertzera heltzeko metodologia erabiltzen duten saioak dira ulersaioak, eta joan den ikasturtean, hogei bat auzotarrekin, bi ulersaio talde sortzea lortu zuten: «Arrakastatzat jotzen dugu». Ordea, euskara ulertzeko gutxieneko maila zuten hainbat añorgatarrek ere interesa agertu zuten, eta, beraz, bi mintzalagun talde ere sortu zituzten: «Zerotik, lau talde sortuta hasi ginen, 2025eko urrian: bi ulersaio eta bi mintzalagun», nabarmendu du Ormaetxeak.
«Garrantzitsua da halako taldeak auzoetan sortzea eta auzoan gelditzea, saioetatik harago, kaletik ere topo egiten dutelako»
Aitziber Gurutzeaga, Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kidea
«Lehenengo hitza euskaraz egiteko konplexua kentzeko eta ingurukoak laguntzeko jarrera barneratzeko balio izan digu»
Eider Intxusta Serrano, antolakuntza foroko kidea
Talde horien koordinazioa Bagera elkarteak egiten du, eta taldeen funtzionamenduarekin pozik agertu da Aitziber Gurutzeaga kidea: «Oso garrantzitsua da halako taldeak auzoetan sortzea eta auzoan gelditzea, horrela, asteroko saioez harago, kaletik ere topo egiten dutelako, eta beraien artean euskarazko hizkuntza ohitura sortzen delako». Dioenez, Añorga horren erakusgarri da: «Parte hartzaile guztien balorazioak oso onak dira: saioa iristeko gogoz egoten direla diote, eta kalean elkar ikusten dutenean euskaraz egiten dutela; ondo edo gaizki, baina euskaraz».
«Hori da oinarria, eta helburua da garatzea, jende gehiagok parte hartzea halakoetan, eta auzotar guztiak izatea gai, gutxienez, euskara ulertzeko», gehitu du Gurutzeagak. Horretarako, Bagerakoak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da bidelagunen lana, eta, hain zuzen ere, bi bidelagun berri behar dituzte ikasturte honetan Añorgan: bidelagun izateko interesa dutenak Gurutzeagarekin berarekin jarri daitezke harremanetan, 688 82 01 95 telefonoan.
Ulersaioetan gutxieneko ulermen maila bat lortuta, ulerrizketak dira pertsona horien lanketarako «jarraipen naturala», Ormaetxearen hitzetan: «Egunero 30 minutuz elkarrizketa elebidunak mantentzeko pertsona bat topatzean datza ulerrizketa; ez zara hasiko euskaraz hitz egiten, baina bai elkarrizketetan esaldi batzuk sartzen», laburbildu du Taupakoak. Horretarako kidea lortzen ez dutenek, ordea, Bagerak koordinatutako ulerlagunera jo dezakete, Ormaetxeak zehaztu duenez: «Mintzalagun taldeak euskaraz mintzatzera doaz, eta ulerlagun taldeak pertsona euskalduna entzutera. Ikasturte honetarako, bi ulerlagun talde sortu ditugu».
Erdaldunei edo euskara ikasten ari direnei begirako lanketa da hori guztia, baina Taupako kideak nabarmendu du euskaldunengan ere eragin behar dela arigune bat sortzeko; kultura soziolinguistikoan eragiteko, azken finean: «Hizkuntza ariketa bat egin genuen, zeinaren bidez, bost egunez, euskaldunek egunerokoan ahalik eta gehien euskaraz bizitzeko apustua egin behar zuten, dekalogo bateko konpromisoak jarraituz; gogoeta ariketa ere bazen. Horrela, lortu genuen elkartzea Añorgako jende militantea, Añorga arigune aurrera eramateko lagundu ahal ziguna. Izan ere, Añorga arigunek denboran irauteko, jende boluntarioaren lana behar du». Hain zuzen ere, ariketa hori eta egin dituzten antzeko jarduerak «euskaldunak aktibatzeko inflexio puntu bat» izan direla nabarmendu dute antolakuntza foroko Eider Intxusta Serrano eta Urko Askasibar Ezama añorgatarrek: «Gutxienez, lehenengo hitza euskaraz egiteko konplexua kentzeko eta ingurukoak laguntzeko jarrera barneratzeko».
Auzoaren eraldaketa
Añorgan arigunea sortzeko, ulermenari eta aktibazioari ez ezik, beharrezkoa da auzoak izango duen eraldaketari ere erreparatzea, Añorga Txikin 250 etxebizitza berri eraikitzeko hirigintza proiektua abian da eta. Hasieratik, proiektu horren harira mobilizatzen aritu da Añorgatxikitarrak auzo elkartea, ekipamendu faltaren, aparkaleku arazoen eta bestelako kezken artean, hirigintza proiektuaren inpaktu linguistikoak kezkatuta: «Añorga arigune proiektua iritsi zenean, horrekin lotu genuen auzi hau. Hasi ginen ideiak botatzen, aztertzeko nola prestatu jende berria etortzen zenerako; nola prestatu, modu positiboan», azaldu du auzo elkarteko kide Silvia Osesek.
Horrela, Elhuyar fundazioak proiektuak eduki dezakeen eragin linguistikoa aztertu zuen, baita ondorioztatu ere euskararekiko inpaktu negatiboa izan zezakeela: «Horretan oinarrituta, auzotarrekin batera, neurri prebentibo eta zuzentzaileak diseinatu genituen. Sei neurri prebentibo atera genituen, eta alkateari eta Euskara zinegotziari aurkeztu genizkien», azaldu du Ormaetxeak. Ildo beretik, Otamendik nabarmendu du «etxebizitzek izan dezaketen eraginaren aurrean, aurretik lanketa eginda edukitzeko» bide aproposa izaten ari dela Añorga arigune. Hain zuzen ere, auzotarrek proposatutako neurriak «begi onez» ikusi zituzten agintariek, Taupakoak dioenez: «Hori garaipen bat izan zen, eta Gipuzkoa arigune indartu zuen».
Horrela, Añorga ariguneren bidez egindako lanketak, gutxienez, hirigintza proiektuaren afekzioak «leuntzeko» balioko duela uste du Osesek: «Badaude kontrolatu ezin ditugun gauzak, baina herri kutsua oso garrantzitsua da guretzat, eta hori bermatzeko neurriak hartu ditzakegu: aurretik pentsatzea nola egin harrera etortzen diren bizilagunei, lo auzoa ez izateko beraientzat. Hasieratik, bizilagun berriak auzoan inplikatzea: jakitea zer elkarte dauden auzoan, zer egiten den, norengana jo dezaketen… Sare bat sortzea. Eta, horrekin lotuta, jakin dezatela, gutxienez, lehen hitza euskaraz egin dezaketela».
AKKE eta Poxpolo, arigune
Añorga osoa arigune izateko lanean, bi arigune txikiago sortzen ari dira auzoan: Añorga Kultur eta Kirol Elkartea (AKKE) eta Poxpolo gazte arigunea, 12-16 urte artekoentzako aisialdi talde gisa funtzionatzen duena.
AKKEri dagokionez, ikasturte honetan abiatuko dute arigune bihurtzeko prozesua bere horretan, eta, ondo bidean, mugarri izango da, Ormaetxeak dioenez: «Urtebeteko epean, lortu nahi dugu AKKE izatea Euskal Herriko lehenengo elkarte arigunea». AKKEko zuzendaritzako kide Jaione Olasagasti Agestak nabarmendu duenez, AKKE arigune izateko lanketa abiatzeko proposamena jaso zutenean, ez zuten zalantzarik eduki: «Añorgako udaletxe txikia da elkartea, eta, beraz, zentzu osoa zuen».
Dioenez, egunerokoan, euskaraz funtzionatzen du elkarteak, baina hori «sistematizatzea» da helburua, eta, horretarako, lantalde bat sortu dute, non zuzendaritzako kideak eta elkarteko atal bakoitzeko ordezkariak dauden (futbola, mendia, kultura…), atal bakoitzaren jardunean euskarak bizi duen egoera diagnostikatu, eta esku hartzeko: «Urte osoko plangintza bat dugu aurretik». «Elkarteko estatutuak ditugun moduan, idatzita baldin badugu AKKEn horrela funtzionatzen dugula, arigune bat dela, etortzen dena etortzen dela, izaera hori bermatzeko beharrezko bidea egin ahal izateko baliabideak edukiko ditugu», gehitu du.
Poxpolori dagokionez, Intxustak eta Askasibarrek azaldu dutenez, auzoko gazteen arteko euskararen erabilera izan da antolakuntza foroaren kezketako bat hasieratik, «beraiek direlako etorkizuneko euskaldunak». Kezka horri heldu zion Poxpolo gazte arigunearen sustatzaile Anne Izagirrek: «Aztertu genuen Añorgako Amassorrain ikastolatik Luberrira aldatzerakoan [Lehen Hezkuntzatik, Bigarrenera], ea gazteek hizkuntza aldatzen duten eta aisialdian lanketa egiteak eragin dezakeen gazteen euskararen erabileran. Frogatu genuen baietz, Donostialdeak erdaldundu egiten dituela gazte hauek, eta, horri esker, babesa jaso genuen antolakuntza foroaren eta Euskara Zerbitzuaren aldetik, proiektua gauzatzeko. Gazteen aldetik, gainera, bazegoen interesa, baita ere».
«Elkarteko estatutuak ditugun moduan, ona izan daiteke idatzita edukitzea AKKEn arigune bat dela»
Jaione Olasagasti, AKKEko kidea
«Beste auzoentzako eredu bat izan daiteke, lanketa antolatu baten bidez, militantziaz eta jendearen parte hartzearekin gauzak egin daitezkeela»
Anne Izagirre, Poxpolo gazte ariguneko kidea
«Gazte arigunea sortzeko prozesua su txikian egiteko zerbait izan da», azaldu du Izagirrek: «Uztailetik urtarrilera diseinu lanak egin genituen, 12-16 urte arteko gazte añorgatar baten irteera profila diseinatzeko, gazteen beharrak identifikatzeko, eta abar». «Honakoa da irteera profila: 16 urteko añorgatar batek zer gaitasun lortu beharko lituzkeen, zer bizipen eduki beharko lituzkeen Añorgan, auzotik ateratzean ere euskaraz bizitzen jarraitzeko. Ezagutza, esperientziak eta baliabideak», gaineratu du Izagirrek. Martxotik aurrera, irteera profilaren beharrei erantzuteko jarduerak antolatzen hasi ziren, betiere, euskara eta Añorga erdigunean jarriz: «Asmoa da 12-16 urte arteko gazteei eskaintzea txoko bat, biltzeko, gauzak antolatzeko, beraien artean auzoko kultura hori sortzeko».
Honenbestez, gazte arigunea «sortuta» dago, eta, ikasturte honetan, Poxpolo taldea egonkortzea da helburu nagusia: «Hiru astean edo hilabetean behin irteera profilaren beharrei erantzuteko saioak antolatzen jarraitzea, eta egitasmoari eustea».
Amassorrainen, hizkuntza kudeaketa
Poxpoloko 12-16 urte arteko gazteak «etorkizuneko euskaldunak» badira, zer esanik ez Amassorrain ikastolako haurrak, 12 urtetik beherakoak. Horregatik, ikastola ere Añorga arigune proiektuan inplikatzea ezinbestekoa zen, nahiz eta bertan ez duten arigunerik bere horretan sortu: «Ezin dugu hasi arigune bilakatzeko prozesuarekin, bertan, gurasoak ere erabiltzaile direlako, eta euren artean badagoelako euskara ulertzen ez dutenen zati handi bat. Beraz, hizkuntza kudeaketa bat lantzen ari gara: harrera plana, bileretako aldi bereko itzulpena eta abar», azaldu du Ormaetxeak.
Hain zuzen ere, Maider Izagirre Txoperena zuzendariak eta Aizpea Muga Sarobe ikasketa buruak azaldu dutenez, euskararen erabileraren inguruko kezka aurretik zuten ikastetxean, ikasleei zein gurasoei dagokienez, eta horregatik sortu zuten, besteak beste, ikasleen Txantxangorri euskara batzordea: «Ariguneren proiektua iritsi zenean, ez genuen zalantzarik izan parte hartzerakoan, gure kezkarekin eta lanketarekin bat egiten zuelako, erabat», nabarmendu dute. Gaineratu dutenez, «lehen, ikastola bazen euskaldun zein ez euskaldunentzat erreferentzia bat, arnasgune bat euskararentzat, eta, gaur egun, erdara oso presente dago. Ez soilik ikasleen artean, ikasleentzat erreferente diren heldu batzuen artean ere bai».
Horrela, Añorga arigune proiektuan sartzearekin batera, familia erdaldunentzako harrera planak, guraso bileretarako aldi bereko itzulpen sistemak eta haurrentzako egitasmoak lantzen ari dira, eta hori da ikasturte honetan zehar gauzatu nahi dutena, etorkizunean aurrerapauso gehiago emateko: «Kudeaketa horren bidez euskararen ulermen maila ziurtatzen badugu, hasi gaitezke eskola arigune bilakatzeko prozesuaz hitz egiten», nabarmendu du Ormaetxeak.
Gero eta gertuago dago Añorga arigune izatea: edonon, edonorekin eta edozein momentutan, euskaraz egin ahal izatea
Añorga, eredu
Bi urteko ibilbidea eginda, udaleko Euskara Zerbitzuaren, Bagera eta Taupa eragile euskaltzaleen eta, batez ere, Añorgako eragile eta norbanako ugariren parte hartzearekin, gero eta gertuago dago Añorga arigune izatea: Añorgan, edonon, edonorekin eta edozein momentutan, euskaraz egin ahal izatea. Ez da gauza makala, eta, hain zuzen ere, auzotarren «inplikazioa» goraipatu dute erreportaje honetan parte hartu duten guztiek. Euskara Zerbitzuko Elvira Lizeagak, esaterako, «berezia da Añorga», adierazi du: «Euskararekiko konpromiso horretatik ari gara haiekin lan egiten, baina ikuspegi holistikoagoa du honek: euskaraz eta euskaratik nahi dute auzoa egin».
Ildo beretik, «Añorga uharte txiki bat da», gaineratu du Amassoraineko zuzendariak: «Arnasgune bat da eta hori indargune handia da. Oso auzo bizia da, oso konprometitua. Edozein egitasmo aurrera eramateko, komunitate konprometitu, langile eta bizia dauka. Etorkizuna ikusten da, nahiz eta militantzia eredua hemen ere aldatu den». Hain zuzen ere, are inplikazio handiagoa eskatu dute antolakuntza foroko kideek: «Etorkizunean, gure kabuz bidea egitea da asmoa, eta, horretarako, jende gehiago eta belaunaldi erreleboa beharko ditugu».
Horrela, elkarrizketatu guztiek argi dute proiektuak «ekarpen handia» egiten diola Añorgari, baina baita Donostiari ere: «Hemendik ikasiko duguna eta Añorgak berak irradiatu dezakeena oso garrantzitsua izan daiteke etorkizunean», dio Otamendik. «Komunitatea are gehiago sendotzen ari gara proiektu honen bidez», gaineratu du Olasagastik, baita Donostiari «eredu bat» eskaintzen ari direla ere: «Elkarrekin lan eginda, inplikazioarekin, lortu daitekeela euskaraz bizitzea». Ildo beretik jo du Poxpoloko kideak: «Beste auzoentzako eredu bat izan daiteke, lanketa antolatu baten bidez, militantziaz eta jendearen parte hartzearekin gauzak egin daitezkeela». Harago ere joan da Izagirre: «Aurtengo euskararen kale erabileraren neurketen emaitza izango balitz Añorgako euskararen erabilera, pixka bat bada ere, hazi egin dela, halako antolaketa sistemek fruituak ematen dituztela frogatzeko modua izango litzateke». Bidea, urratu du Añorgak, norabide argi batekin: auzotik eta euskaratik, auzoarentzat eta euskararentzat.




