2016ko helmuga gero eta gertuago
Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburu bihurtzeko asmoak beste aurrerapauso bat eman zuen atzo. Epaimahaiak ekainaren 28an emango duen azken hitza baldintza dezakeen proiektu aurkeztu zuten Madrilen, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioaren egoitzan.
Azken sei hilabeteetako lana laburbiltzen duen txostena ministerioko arduradunen eskuetara iritsi da. Erregistroan, txostenari zigilua jarri zion langilea, ustekabean, donostiarra dela adierazi du Marisol Garmendia hautagaitzako zinegotziak. Bidean, ordea, ez da topatu zuten donostiar bakarra izan. Madrilen bertan, beste zenbait pertsonaien artean, Xabi Alonso futbolaria eta Marta Etura aktorea hurbildu ziren babesa ematera. «Oso berezia» izan zela aitortu du Garmendiak. Intermezzo Music taldeak antolaturiko abesbatzak Agur Jaunak abestu duenean «are hunkigarriagoa» izan dela nabarmendu du Donostia 2016ko zinegotziak. Lagunartean
«Hautagaitza lortzeko elkarlanean osatu den proiektua bezalaxe», Madrilera bidaia ere lagunartekoa izan dela azaldu du Garmendiak. Trenean giro aparta sortu dela adierazi du. Giro horren erakusle, Kutxa Fundazioko Carlos Ruiz inspirazioak jota, Pedro Mari Otañok Donostiari buruz egindako bertso bat abestu duenean izan da, esan du. Nahiz eta bertsorik kantatu ez, Gasteizera iritsi direnean, bertako alkateak eta Artium museoko zuzendariak zorterik onena opa egin die, Madrilera nahiz ekaineko azken froga gainditzeko bidean.
Donostiatik trenez abiatu dira Madrilera eta Kultura Ministerioaren egoitzara heltzeko bidea bizikletaz egin dute. Bizikleta izango baita 2016ko garraiobide iraunkorraren sinbolo.
Egindako bidaiarekin «oso gustura» badira ere, bidea oraindik luzea dela adierazi du Marisol Garmendiak. Maiatzeko Olatu Talka, epaimahaiaren bisita maiatzaren 31n eta proiektuaren aurkezpena izango dira hurrengo geltokiak.