1.708 ikaslek parte hartu dute Koldo Mitxelena Saria lehiaketan
Gazteen sormen iturria ikaragarria da. Urtetik urtera Euskararen Udal Patronatuak antolatzen duen Koldo Mitxelena Saria eskolarteko literatur lehiaketa da baieztapen horren lekuko. Aurtengo XXII. jardunaldian 26 ikastetxetako 1.708 ikaslek parte hartu dute; eta denera, 1.788 lan aurkeztu dituzte. Hala, olerki, ipuin, bertso eta komikirik interesgarrienak aurkeztu dituztenek igandean jasoko dute saria.
Epaimahaiak apirilaren 19an osatu zuen irabazleen zerrenda. Orain, hortaz, ez dago kamera digital, disko gogor eramangarri, Ipod, netbook eta bestelako sarien irabazleen izena aldatzerik. Irabazleen izenak igandean jakinaraziko dituzte, 12:00etan, Viktoria Eugenian.
Bideo lehiaketa
Era berean, lehenengoz, bideo lehiaketa atolatu dute. Auzoka aldizkariaren –www.auzoka.net– webgunean antolaturiko ekimena izan da, eta lehen hezkuntzako 5. eta 6. eta bigarren hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleek ikus-entzunezkoekin duten trebezia erakutsi dute. 40tik gora lan aurkeztu dituzte eta Alejandro Poloren Nire Dantza bideoa izan da banakakoen atalean saritua. Taldeka egindakoen artean, berriz, Ikasbide ikastolako 6. mailako ikasleek sortu duten Trebeziak Ikasbide ikastolan lana.
Gazteak bideoak egiten iaioak direla nabarmendu du Ainhoa Beola Hizkuntza Normalkuntza zinegotziak. Belaunaldi batzuen eta besteen arteko aldea nabari dela esan du, gazteek ez dutelako «inongo lotsarik» kamera aurrean agertzeko. Ohituak daudela dio. Lanak benetan onak direla azpimarratu du eta Auzokako webgunean sartzeko gonbitea luzatu du zinegotziak.
Gainontzeko lanak irakurri ahal izateko, saritutakoak jasotzen dituen 32 orriko argitalpena banatuko dute ikastetxe guztietan.