Apaizaren etxea botako dute 30 etxebizitza izango dituen eraikina egiteko (Argazkia: Xabier Etxabe)
Datorren agintaldiko egiteko nagusietako bat Añorgaren eraldaketa izango da. Lehen urratsak eman dituzte dagoeneko, trenbidea bikoizteko eta ubidea eraikitzeko lanak martxan direlako. Abuzturako, bada, beste pauso bat emango dute: I-Nazionalean, Añorga Txikiko eta Errekaldeko biribilguneen artean, zirkulazioa ordenatzeko beste biribilgune bat eraikiko dute. Udan, halaber, Rezola enpresari pega-pega dauden etxebizitzetan bizi diren 19 familiak lekualdatzeko, eraikina altxatzen hasiko dira. Eraikin horri lekua egiteko apaizaren etxea eraitsiko dute.
Kamioien sarbidea
Udan eraikitzen hasiko diren biribilguneak Añorgatik batera eta bestera dabiltzan auto eta kamioien zirkulazioa errazteko helburua du. Aldaketarik nabarmenena Rezolako enpresa sartu-irtenean dabiltzan kamioiek nabarituko dute. Egitasmo honekin kamioiek ez dute I-Nazionaletik dabiltzan autoen joan-etorria oztopatuko, Errekaldeko biribilgunetik enpresara doazen kamioiak zuzenean sartuko baitira. Atera ere egun baino errezago izango dute biribilgune berriari esker.
Azpiegitura horrek Añorgara eta Amassorrain aldera jo nahi duten gidarien pasabidea erraztuko du, halaber. Etorkizunean hiriko parke nagusietako bat izango den Lore Tokira iristeko aukera ere eskainiko du. Biribilgunea eraikitzeko bideratu beharko den aurrekontua 700.000 eurokoa izango dela esan du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak. Aldiz, Erakundeek eta Rezola enpresak egindako hitzarmenaren bidez, inork ez duela «xentimorik jarriko» adierazi du Jorge Letamendiak. Oro har, Rezolak hartuko ditu biribilgunea eraikitzeko lanak bere gain. Altxako dituzten 30 etxeetatik jasoko dituzten gainbalioak baliatuko dituzte biribilguneko lanak ordaintzeko.
Apaizaren etxearen lekuan altxatuko duten eraikina burutu ostean, Rezola enpresaren barruan dauden etxe zaharrak botatzeari ekingo diote. Libre geratuko den eremutik egingo du eraikitzen ari diren ubideak aurrera. Etorkizunean, gainera, ubide ondotik eroso egin ahal izango da osteratxoa, I-Nazionala hiribide bilakatuko dutelako datorren agintaldian. Horretarako, Aldundiak Udalaren esku utzi beharko du errepidea.