Donostiako maratoi erdiko partaide kopurua igotzea zaila izango da
Maiatzaren 15ean jokatuko dute Donostiako XI. maratoi erdia. Momentuz, 2.200 lagunek eman dute izena, baina, zaila ikusten dute antzolatzaileek iazko partaidetza gainditzea: 2.670, orain arteko jendetsuena. Izan ere, hiru arrazoi nagusi antzeman dituzte partaidetzaren gainbehera justifikatzeko: Madrileko korrikalari gutxiagok izango dutela etortzea, ez dutelako zubirik izango; inguruko lasterketa asko direla maiatzean eta krisia. Kontuak kontu, gehienez, 3.200 korrikalarik parte har dezakete eta izena ematea maiatzaren 12a arte egongo da zabalik, kirolprobak.com webgunean.
Lasterketa irabazteko hiru faborito daudela aipatu du Iñigo Elarre antolatzaileak, gaur egindako aurkezpenean. Zehazki, hiru atleta marokoar dira: Younes Ait Hadi, Hassane Ahouchar eta Anouar Dabab. Hala, 2009an, David Kilel keniarrak ezarritako marka haustea dute helburu; 1:02:47. Maila eman dezaketen emakumezkoei dagokienean, oraindik ez dute ezer ere ziurtatu. Hala ere, badakite Maria Lopez de Tejada donostiarrak parte hartuko duela; azken Behobia-Donostia lasterketako irabazlea, hain zuzen ere. Bestetik, erritmoa jarriko duten beste hiru marokoar ere aipatu zituzten aurkezpenean: Francis Komu, Isaac Mukundi eta Ezekiel Mathai Ngure.
Iaz, honela geratu zen sailkapena gizonezkoetan: Japhet Kipkorir (1:03:14), Erik Kibet (1:03:24) eta Cosmers Kemboi ( 1:04:30). Lehenengo hiru emakumezkok, berriz, honakoak izan ziren: Joyce Chepkirui (1:09:51), Soud Kambouchia (1:11:06) eta Marisol Madera (1:17:19).
Emakumeak, gorakadan
Edonola ere, herri partaidetzak gora egin du. Gainera, azken urteetan ibilbideari itzuli bakarra emanez, 10 kilometroko lasterketa egin daiteke. Hala, horrek emakumeen partaidetza zabaldu duela aipatu dute. «Distantzia txikian, %40 inguru emakumeak dira eta, maratoi erdian, berriz, %13». Momentu honetan, izena eman duten 2.200 partaideetatik, 1.800 lagunek 21 kilometroak egingo dituzte eta gainontzeko 400ek, 10 kilometroak. Hori bai, bi lasterketak ordu berean irtengo dira, 10:00etan.
Berrikuntza nagusia, kanpoko atleten onurarako pentsatu dute. Hala, karpa batean beharrean, Miramar Jauregian jaso beharko dituzte dortsalak.
Lasterketa herritartzeko bidean, euskara ahaztuta utzi dute: Iñigo Elarre antolatzaileak lasterketaren izen berria jakinarazi du aurkezpenean, aurtengo aldaketa nagusienetakoa baita. Hala, orain arte Medio Maraton de San Sebastian izan dena, Media Donosti izango da aurrerantzean. Aldaketaren helburua herritarrengana hurbiltzea dela aipatu du Elarrek, horrela deitzen omen diotelako lasterketari kalean. Gauza bat, ordea, ez dute kontutan izan; euskarazko izena. Itzulpenik ez egitearen aldeko apustua egin dute, izen hori nagusi eta bakartzat aukeratuta. Herritarrengana iristeko bidean, badirudi ez dutela euskaldunengana iristeko interesik jarri. Hori bai, webgunearen euskarazko bertsioan, Donostiako Erdi Maratoia erabiltzea erabaki dute.
DONOSTIAKO MARATOI ERDIA:
Noiz. Maiatzak 15, 10:00etan.
Ibilbidea. Bi ibilbide egongo dira aukeran: 21 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa.
Izena ematea. www.kirolprobak.com. Maiatzaren 12a da azken eguna. Egun horretatik aurrera, lekua geratuz gero, maiatzaren 14ean Miramar Jauregian izena emateko aukera egongo da: 16:00etatik 20:00etara, 25 eurotan.
Prezioa. 16 euro txipa izanez gero; 18 euro txipa alokatuta; 32 euro txipa erosita.
Partaideak. 1920-1995 urteen artean jaiotakoek parte har dezakete.
Gehienezko partaidetza. 3.200.