Gauak rock and rollaz betetzera dator Lolas Club
Duela bost urte Pop Rock Lehiaketa irabazi zuten. Hainbat gorabehera bizi ondoren, bueltan dira: laukote gisa, eta aro berri bati ekiteko prest. Jon (gitarra eta ahotsa), Luigi (gitarra), Berni (bateria) eta Manu (baxua) dira Lolas Club.
Rock and rolla maite dute, «gure musika eta gure bizitzeko modua da. Ez dute lotsarik rock and roll zaharra egiten dutela esateko: «Alderantziz, aldarrikatu egiten dugu. Finean, dena da rock and rolla». Bost urteko eskarmentua disko batean bildu dute. Uno izena du donostiarren lehen lanak, eta autoekoizpena da. Pop Rock Lehiaketan argitaratutako maketan Altzako Santa Barbara tabernan agertzen ziren azalean. Oraingoan Egiako Le Bukowski kluba aukeratu dute, «gure gustukoena».
Grabazio prozesua «gordina» izan dela adierazi du Jon abeslariak: «Laurok estudioan sartu ginen. Soinu beroa du; horrelakoa izan behar du». Berako MIK estudioan grabatu dute. Lolas Clubek orain arte egindako bidearen isla da diskoa, «hasieratik gaur arte». Aro bat bukatu dute, beste batekin hasteko. Hurrengo urtean disko berria kaleratuko dute: «Gure helburua urtean disko bat argitaratzea da. Orain material nahikoa dugu eskuartean hiru bat bilduma egiteko», adierazi du Manuk.
2005ean sortu zen Lolas Club. Orain, taldea egonkortu denean lortu dute diskoa kaleratzea: «Bilduma hau egiteko gogoak soberan geneuzkan, jarrera ere bai. Baina jendea ez bada konprometitzen… Proiektuak ere ezin du aurrera egin», esan du Jonek.
Musika «ona» gustatzen zaiela diote, «benetako musika guztia, autentikoa dena». Baina rock and rollak erotu egiten dituela aitortzen dute. The Rolling Stones, The Black Crowes, Faces edota Tequila bezalako taldeak dira Lolas Cluben eragin nagusiak.
Diskoa, abestiz abesti Hamar abesti bildu dituzte ‘Uno’ diskoan. Lehena, ‘Club de los Lolas’: «Geure buruari buruz hitz egiten dugu. Gonbitea luzatzen diogu jendeari, gurekin bat dezan». Rolling Stones-en soinua dakar bigarrenak, ‘Corazon sincero’ kantak. Hirugarrena, ‘No pasa nada si no eres Lolas’: «Ez da ezer gertatzen Lolas ez bazara. Guk geure musika egiten jarraituko dugu». Rockari haien anaia balitz bezala hitz egiten diote ‘Rock & Roll no has muerto’ piezan. Maitasun balada ere sartu dute diskoan, ‘Dime’: «ez dugu maitasunaren beldur izan behar. Beatles-ek esaten ohi zuten bezala, ‘All you need is love’. «Guztiok daramagun mozorroaz» ari dira ‘Nada es como lo ves’ kantan; eta 70eko hamarkadara bidaia egiten dute ‘Mirar atras’ abestian.
Hitz umoretsu eta bihurriak dira ‘Ser tu bufon’ piezarenak, «hori gara azken finean. Gaueko bufoiak gara, jendeak ondo pasa dezan nahi dugu». Bizitzari buruzko gogoeta egiten dute ‘Donde iremos a parar’ abestian. Eta azkena, ‘Es solo Rock & Roll’, taldearen «ereserkia»: «Gehien entzun dugun abestia da, eta gure lehen diskoan egotea nahi genuen.
Oraingoz ez dute Donostian emanaldirik lotu, baina inguruko herritan gauak rockaz betetzeko gogotsu daude. Gaur, Lasarten joko dute, Abend tabernan, 23:00etan. Larunbatean, berriz, Errenteria-Oreretan, Niessen aretoan. Irun, Elgoibar, Ermua, Hendaia eta Anoetan ere izango dira zuzenean, udan.