Reyes Karrere: "Hasiera ez zen erraza izan, baina, azkenean, gauden tokian gaude"
Maila ederra eman du aurtengo Ligan Bera Bera Eskubaloiak eta helburua betea du dagoeneko; lehenengo bost sailkatuen artean geratzea, datorren urtean Europako lehian aritzeko.
Bi partida baino ez zaizkio falta ABF Liga bukatzeko Bera Bera Eskubaloiari: Vicar Goya, Bidebietan –etzi, 19:00etan–; eta Sagunto, etxetik kanpo. Pozik dago taldeak osatutako denboraldiarekin Reyes Karrere entrenatzailea (Errenteria-Orereta, 1970). Hala ere, «azken minutua arte» lanean jarraitu behar dela nabarmendu du.
Iazkoaren alderatuz, Liga borobila osatu duzue aurtengoan, ezta?
Nik baietz uste dut. Iaz ez genuen Europarako txartela lortu eta, aurten, bai. Hor dago, nire ustez, alde nagusia. Momentu honetan bi partida falta dira Liga bukatzeko eta Europarako tokia lortua dugu. Beraz, pozik egoteko moduan gaude.
Europa lortuta, bai. Baina, hori baino gehiago, taldeak aurten beste itxura bat eman du.
Baietz uste dut. Zortzi jokalari berri sartu genituen taldean eta gure jokatzeko modura moldatu behar izan dute. Denok moldatu behar izan dugu. Gainera, oso jokalari garrantzitsuek taldea utzi zuten, Tati Garmendia eta Esme Lopez, batez ere. Horri nahiko ongi aurre egiteko gai izan garela uste dut.
Taldea berrantolatzeko lan horrek eragina izan zuen denboraldi hasierako emaitzetan?
Lan zaila izan zen. Berrantolaketarako bidean, emaitzak lortu behar dituzu, helburua lortzeko beharrezkoak baitira. Jokalari guztiek zerbait emateko gogoa dute eta taldeak ere eman nahi du. Hasiera ez zen erraza izan, baina, azkenean, gauden tokian gaude.
Zer egin dezake Bera Berak Europan?
Ikusiko dugu. Beste lehia batean parte hartzeko aukera ematen digu eta zenbat eta gehiago jokatu, hobe izaten dela uste dut. Gainera, Donostiako talde bat atzerrian lehiatzea garrantzitsua da.
Kopan ez zenuten aurrera egitea lortu. Kolpe gogorra izan zen?
Ez, ez zen kolpe gogorra izan. Azkenean, partida batzuk irabazten dituzu eta beste batzuk galdu. Eldaren aurka galdu genuen, Ligako bigarren talde indartsuena. Alde horretatik, galtzea kolpea izan zen, baina aurrera begira jarri ginen. Kopa badakigu nolakoa den, galtzen baduzu zuzenean kalera zoaz. Azkenean, denboraldiko balantzea ona dela uste dut, helburu nagusia lortu dugu eta askotan ez da erraza izaten.
Oraindik denboraldia bukatzeko indarra du taldeak?
Indarra badu taldeak. Lana beti bukatu behar da, momentu oro lan egin behar da, azken minutua arte. Irabazteak bakarrik utziko digu zapore ona. Horrek esan nahiko baitu gauzak ongi egiten ari garela. Ongi jokatu nahi dugu eta irabazi; biak batera eraman behar ditugu.
Itxako gainontzeko taldeekiko desberdina da?
Itxako momentu honetan talde indartsuena da, iaz bezalaxe. Jokalari onak ditu, garrantzitsuak eta plantilla orekatua du. Horrekin bakarrik ez zara final batera iristen, saltsa guzti hori loditu behar da eta ongi egin dute. Argi dago guk aurrera begiratu behar dugula talde eta klub bezala. Argi genuen denboraldi hasieratik, dena bere bidetik joanda, Itxakok dena lortuko zuela.
Behin Liga bukatuta, atseden hartzeko denbora izango duzue?
Liga bukatzean, Liga bukatu da, besterik ez. Partida ofizialen presioa desagertzen da. Lan bolumena, berriz, ez da jaisten; datorren urteko taldea egin behar da, denboraldia aztertu behar da, gaizki egindakoa hobetzeko, planifikazioa egin behar da… Gero datoz oporrak.
Hurrengo denboraldirako Eli Pinedo fitxatu duzue dagoeneko. Zer aurreikusten duzue?
Eli Pinedoren fitxaketa garrantzitsua izan da. Gurekin egon zen lehenago eta tituluekin itzuli da. Datorren urteko plantilla osatzen ari gara eta asmo nagusia multzoa mantentzea da. Horrela, talde hobea izango dugu eta, daukagun aurrekontuarekin orekatu beharko dugu.