Donostia orekatzeko ehun neurri ditu EAJk
Auzoen artean bereizketarik ez egoteko, ikuspegi integral batetik begiratuta Donostia orekatuko duen ekintza plana gauzatzeko asmoa du EAJk. Donostiar guztientzat aukera berberak eskaini behar direla uste du Eneko Goia alkategaiak. Baldintza hori bete dadin, auzo desberdinetan hobekuntza proiektuak garatzeko ehun neurri baino gehiago dituen zerrenda osatu dute.
EAJk aurreikusitako proiektuen artean, hala nola, Aieten osasun etxea eraikitzea beharrezko jo dute. Altzan, Jolastokietan, polizia-etxea jarriko lukete jeltzaleek, udaltzainen gertutasuna bermatzeko. Bidebieta Pasaiako badiako eraberritzearen baitan barnera daitekeela zehaztu dute.
Saguesen, berriz, itsas ondoko zabalguneak erabilera publikoa izaten jarraitu behar duela diote. Egian, Mandasko Dukearen kaletik Aldakoneara iritsiko den igogailua eraiki nahi dute. Igeldon Toki entitate Txikia eratzea, eta Zubietan auzo batzarra sustatzea dira beste ekintzetako batzuk.