Udal ekimenetan euskarak lehentasuna izango duela dio Bilduk
Euskara hirian nagusitzeko, Udalean zein pauso emango lituzkeen xehetu ditu Bilduk. Koalizioko hautagaiek jakinarazi dutenaren arabera, Donostiak euskalgintzan «aitzindari» izan behar du. Era berean, euskaldun ororen hizkuntza eskubideak errespetatuko dituztela nabarmendu dute. Udala eredugarri izan dadin, bestalde, bertako lan hizkuntza euskara izateko ekinean segituko dutela ziurtatu dute.
Udal egitura aldatzeko, hain zuzen, Euskararen Udal Patronatua desegin eta Euskara Zerbitzua eratuko dutela proposatu dute. Aldaketa horren bitartez, administrazioa euskalduntzeko bitartekoak indartzeko asmoa dute. Udaletxean zein kalean euskara nagusitu dadin, Udala eragile izatearekin batera, herritarrekin eta euskalgintzarekin elkarlanean ariko direla adierazi dute.
Añorga, Zubieta eta Igeldoko gune euskaldunak babesteko planak jorratu nahi dituzte, halaber.