"Txartel bakarra behar dugu orain", dio Ezker Batuko Kintxo Gomezek
Garraio publikoari beste bultzada bat eman behar zaiola aldarrikatu du Kintxo Gomez Ezker Batua-Berdeak alderdiko alkategaiak, Arantza Gonzalez ahaldun nagusirako hautagaiarekin eta Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzailearekin batera, Gipuzkoa plazan egin duen ekitaldian.
Egungoa baino erakargarriagoa izan dadin, garraiobide guztiak –Renfe, EuskoTren eta hiriko eta herri arteko autobus zerbitzuak– bateratuko dituen txartel bakarra eratzea “premiazkoa” dela adierazi du, eta udaletxean lanean hasi bezain laster, hori lortzeko buru belarri ariko direla azaldu du. Orain arte garraio zerbitzu desberdinetan eskumenak izan dituzten EAJk eta PSE-EEk adostasuna erdiesteko ahalmenik izan ez dutela erantsi du.
Donostiak, dena den, garraio sare “interesgarria” duela onartu du EBko hautagaiak. “Donostiabuseko zerbitzua ondo dabil, urtean 29 milioi bidaia ditu”. Autobus zerbitzua baino, Topoaren eskaintza erakargarriagoa egin behar dela adierazi du Gomezek. “Metroak auzoen artean eta beste herri batzuekin loturak indartu behar ditu”. Horiei denei etekinik handiena ateratzeko, “txartel bakarra behar dugu orain”, esan du EBko alkategaiak. Horrekin batera, tren eta autobusen artean bereizketarik egon ez dadin, tarifak bateratzea urrats erabakiorra izan beharko lukeela jakinarazi du.
Garraioarekin lotutako beste neurri batzuen artean, bizikletaren erabilera are gehiago zabaltzeko, bidegorri sarea Loiola eta Martutene artean nahiz Ategorrieta eta Herrera artean hedatzearen aldekoa da Ezker Batua- Berdeak. Auzoz auzo dabilen autobus zerbitzua erosoagoa izan dadin, halaber, autobus bide berriak egin nahi dituzte.
“Boto baliagarria”
Mugikortasunaz gain, egungo egoera politikoa aztertu eta herritarrei Ezker Batua- Berdeak taldearen aldeko botoa eskatzeko aprobetxatu du Arantza Gonzalezek. Ahaldun nagusirako hautagaiaren hitzetan, “EBren aldekoa boto baliagarria da hauteskunde hauetan, Bildu EAJrekin, alegia, eskuinarekin, hitzartzeko prest dagoelako eta sozialistek aspaldi ez dutelako langileriaren alde egiten”. Hori dela eta, haiek ezkerra ordezkatuko duen alderdia izango direla agindu du.