Bukatu dira Reala eta Getaferen arteko partidarako sarrerak
Anoeta beteta egongo da larunbatean, Ligako azken jardunaldiari dagokion Reala eta Getaferen arteko partida ikusteko. Izan ere, Realeko bazkideek hiru ordu baino gutxiagotan agortu dituzte gaur goizean Anoetako leihatilan salgai jarritako sarrerak. Ehunka zale bildu dira ilaran eta batzuk gaua ere bertan pasa dute. Talde txuri-urdina Lehen Mailan mantentzea da guztien nahia.
IMQ REALAREKIN
Realeko mediku hornitzaile ofiziala da IMQ. Taldearekin bat egin nahi du Ligako azken jardunaldian eta, horretarako, zaleen artean, talde txuri-urdinaren 15.000 bufanda banatuko ditu Getaferen aurkako partida hasi aurretik. Hala, taldeari babesa eskaini nahi dio.
Realeko bufanda eskuratu nahi duten zaleek, imqconlareal webgunean izena eman eta bertan ageriko zaien txartela inprimatu beharko dute. Hala, bazkide ez direnek, larunbatean mediku aseguru-etxeak Anoetan jarriko duen stand-etik igaro beharko dute, txartelarekin, 18:00etatik 22:00etara. Realeko bazkide direnek, ordea, IMQren bulegoan jaso ahal izango dute bufanda, txartel hori erakutsita. Ostiralean egongo da bulegoa bazkideentzat zabalik, 10:00etatik 14:00etara (Ramon Maria Lili pasealekua, 3-4).