Bizikleta bereziak jarri dituzte ikusgai hainbat erakusleihoetan. (Argazkia: Mikel Goñi).
Italiako Giroa da txirrindularitzaren udaberriko klasikoa, baina hori ez da donostiarrak bizikletei begira gozatzeko izango duten aukera bakarra. Hain zuzen ere, hiriko hainbat dendetan Cristina Enea Fundazioak eta Dendass-ek antolaturiko erakusketaren aleak ikusi ahal izango baitira ekainaren 5a arte.
Cristina Enea Fundazioak hirian lehen bidegorria sortu zeneko 20. urteurrena gogoratu nahi du, eta, dendarien laguntzarekin, erakusketak horretarako bidea eman dio. Bizikleta bereziak aukeratu dituzte saltokietako erakusleihoak apainduz jendearen arreta piztu eta garraiobide honen aldeko mezua zabaltzeko. XIX. eta XX. mendeetako ibilgailuak dira erakusgai jarritakoak.
Ibilgailua, agian, ez da hitzik aproposena izango, horien artean bizikleta estatikoa ere dagoelako, munduko errekorrak eta hainbat lasterketa irabazi dituzten pedaldun tresnen ondoan.
Cristina Enea Fundazioaren bidez iritsi dira bizikleta hauek beraien jabeengandik dendetara. Baina, dendariek ere bere parte egin dute hainbat eta hainbat erakusleiho apaindu dituztelako gai hori aintzat hartuta.
Bretxako erakusleihoak dira bizikleta hauek ikusgai dituztenetako batzuk, baina Erdialdean, Grosen, Antiguan edota Amaran ere ikus daitezke beste batzuk. Geldirik dauden arren, ikusteko aukera mugatua da; ekainaren 5a arte besterik ez baitira bertan izango.