Udalbatza berria osatzeko eguna iritsi da
Iritsi da kanpaina eta aurre-kanpaina luzearen ondoren alkate eta zinegotzi berriak aukeratzeko eguna. 147.000 donostiar baino gehiagok izango du gaur gauzatuko diren foru eta udal hauteskundetan boto-emaile gisa parte hartzeko aukera. Botoa emateko ordutegia, goizeko 09:00etatik gaueko 20:00etara luzatuko da. Guztira 27 izango dira zinegotzi berriak, edo karguan errepikatuko dutenak.
Aspaldiko partez hiriko gobernura iristeko izan diren hauteskunderik zalantzazkoenak izango dira. Izan ere, Bilduren aurkezpenarekin ezker abertzalearen ordezkaritza, EA eta Alternatiba alderdienarekin batera, berriro izango delako Igentea kaleko parlamentu txikian.
Modu honetan, espero izatekoa da, gutxienez, bospasei alderdi ordezkatuta hauteskundeen ondorioz osatuko den udalbatzan.
Guztira 15 zerrenda aurkeztu ziren udaletxeko bulegoetan tartea aurkezteko asmotan. Hala ere, atzo bertan jakitera eman zutenez, Denok Hiritar zerrendak bertan behera utzi zuen hautagaitza, beraien helburua programa ezagutzera ematea zelako, hau da, etorkinen integraziorako eta hauen eskubideak bermatzeko beharrezko neurri eta politiken ezartzea, alegia.