Aro klasikoko errepertorioa interpretatuko du Euskadiko Orkestrak
Donostian, urriaren 7an, ekingo dio Euskadiko Orkestra Sinfonikoak denboraldi berriari; eta bertan emango du azken kontzertua, 2013ko ekainaren 15ean. Musika klasikoan funtsezkoak diren obrak izango dira nagusi orkestraren programetan: Mendelssohnen sinfonien integrala eta Mozarten inguruko monografikoa eskainiko du, esaterako. Errepertorio sinfonikoko pieza garrantzitsuak ere joko ditu. Hala nola, Dvoraken Mundu Berriaren Sinfonia; Shostakovitxen Bosgarrena; Beethoven eta Saint Saensen Hirugarrenak; eta Brahmsen Laugarrena, besteren artean. Rimsky-Korsakoven Sheherezade, Stravinskyren Petruschka, Mendelssohnen Udako gau bateko ametsa eta Bernsteinen West Side Story lan ezagunak ere interpretatuko dituzte.
Bestalde, Orkestrak badu zer ospatu. 2012an Orkestrak 30 urte beteko ditu-eta; Andres Orozco Estrada zuzendari artistikoa haiekin izango da beste urtebetez, urtemuga ospatzeko. Orozco Estradaz gain, ibilbide luzeko zuzendariak eta gazteak izango ditu bidaide orkestrak. Jesus Lopez Cobos, Gerd Albrecht eta Yan Pascal Tortelier beteranoak, batetik; eta Lawrence Renes eta Diego Matheuz, bestetik.
Kirmen Uribe, orkestrarekin ‘Bilbao-New York-Bilbao’ eleberriaren hitzak ere iritsiko dira Euskadiko Orkestraren eszenatokietara. Kirmen Uribe haiekin izango da lehen aldiz. Kepa Junkera, berriz, apirilean, Klasikat zikloaren protagonista izango da; orkestrarekin, gainera pieza bat grabatu egingo du.