Loiolako frontoiak itxura berria du (Argazkia: Estitxu Zabala)
Loiolatarrek eta pilota astintzera doazen Alde Zaharreko Kirol Elkarteko kideek pilotaleku eraberritua dute jada erabilgarri. Martxoaren erdialdean hasi zituzten lanak eta, goitik behera txukundu ondoren, jokatzen aritzeko trabarik ez dago. Orain, gainera, erosoago ibiliko dira pilotariak. Komunez gain, aldagelak dituztelako. Kanpoan zeuden komunak bota dituzte eta, barruan, errebotearen aldamenean, berriak egiteko lekua egin dute. Aldagela itxurazkoa izan dadin, harmailari hamar bat metro kendu dizkiote.
Donostia Kirolak egin duen 220.000 euroko inbertsioarekin, bestalde, pilotalekuko teilatua nahiz kontrakantxa inguratzen duten poliester eta metalezko xaflak aldatu dituzte eta egitura sendoagoa jarri dute. Euria egiten duenean, beraz, pilotalekuko zorua lehor mantendu beharko litzateke.
Azkenik, pilotaleku osoa magortu dute. Aurretik, baina, zenbait eremutan zeuden zartadak estali eta desagerrarazi dituzte. Harmailetako ingurua ere garbitu eta margotu dute. Horrekin batera, argiak aldatuko dituzte eta txokoan, bi argi gehiago jarriko dituzte pilota behar bezala ikus dadin.