"Oso ilun ikustetik, dena lortzera pasa gara"
Protesta eta lan uztez beteriko hiru ikasturte izan dira jangeletako langileentzat. Ia maiatz osoa greban eman ondoren, joan den ostegunean akordioa erdietsi zuten. Maribel Alberdik (Antigua, 1965) aitortu duenez, lortutakoarekin pozik daude.
Emaitza hau espero al zenuten?
Ez dakit zein izan den gertatutako aldaketa, baina oso ilun ikustetik dena lortzera pasa gara. Maiatzaren 2an ez genuen uste hainbestera iritsiko ginenik. Gure kontra jo zutenean ez genuen irteera erraza ikusten; enpresak indartsuago zeuden, beraiei ez zitzaien ardura eskatzen, eta erosoago zeuden. Manifestazio nazionalaren ondorio izan den edo zeren ondorio izan den ez dakit, baina ongietorria da. Pozik gaude eta listo. Pena da ez dugula lehenago lortu, greba luzea izan baita.
Zertan lortu duzue adostasuna?
Eskaera korapilatsuenak lortu ditugu. Sukalde langileei dagokien soldaten %97a, 18 orduko lanaldia langile guztientzat, lanaldi barruko formakuntza orduak denentzat, absentismoaren plusa kentzea, eta uztailean lanik egiten ez dugunez, soldata hori gainontzeko hilabeteetan jasotzea.
Hitzarmenak ez du oztoporik, beraz?
Ezetz espero dugu. Akordiorik gabeko puntuak adostuta daude, baina orain gainontzeko guztiak idatzi behar dira.
Erasoak jaso dituzue?
Denetarik egon da. Enpresei negoziatzeko esan, eta Jaurlaritzari ardura betetzeko eskatu ordez, langileen aurkako jarrera izan dute guraso batzuek, eskola batzuek foro bereziak sortu dituzte… Gogorra izan da, batzuok oso gaizki pasa dugu; dirua besterik ez genuela nahi esan digute. Hitzarmen negoziaketa izanda, soldatei buruzko eskaerak daude, baina baita haurrei onura ekarriko dietenak ere.
Elkartasun adierazpenak ere izan dira.
Egia da babesa jaso dugula guraso batzuen, irakasleen eta eskolen aldetik. Sortzen Ikasbatuazek ere akordioaren aurretik prentsaurrekoa eman, eta oso jarrera ona izan zuen.