Japoniako surf kulturaren erakusleihoa izango da Surfilm Festibala
9. Surfilm Festibal
ostirala
19:00. Two weeks, Johnny Abbeg. 38 min. /Surfboard, Chris James, 6 min. / Anacapa, Chris James, 52 min.
(San Telmo Museoa).
21:00. Dotore abeslari donostiarraren kontzertua
(San Telmo Museoa).
22:00. Yuzen on surf, Takuji Masuda, 27 min. / A Scene at the sea, 101 min. Takeshi Kitano (San Telmo Museoa).
larunbata
17:00. Surf kulturaren azoka txikia (Kursaaleko terrazak).
19:00. Revolutionary Brothers eta DJ Kurando (Kursaaleko terrazak).
22:00. Gaztekutxa gaua. Puerto Escondido, Jaciel Santiago Venegas, 4 min. / Rodando, Gabi Garcia, 7 min. / Elgar, Sospiri from The Glide, Jon Frank, Richard Tognetti, 5 min. / Extreme Aerials, Chris Vogelzang, Bri Moreau, 6 min. / Orain: Oficina de hechos, 9 min. /Stoked & Broke, Cyrus Sutton, 57 min.
(Kursaaleko terrazak. Euria egiten badu Antiguako frontoian).
San Telmo Museoan hasiko da bihar jaialdia abiada hartzen; etzi, proiekzioak izango dira Zurriolan
Surfilm Festibala kalean da, Kantauri aldeko surfaren historia jasotzen duten argazki erraldoiek Zurriolako pasealekua hartu baitute. Hiri hondartzak, olatu basatiak, bertako surflariak… 1961tik gaur arteko irudiak berreskuratu dituzte.
Antzoki Zaharreko proiekzioak hurrengo ostegunean hasiko dira, baina jaialdiak bihar bertan ekingo dio programazioari, San Telmo Museoan. Japoniako surf kulturari eskainitako zikloa prestatu dute: «Japoniar gutxi etortzen dira surf egitera, eta han surfik ez dagoela uste dugu. Japon, ordea, irla bat da, eta sekulako olatuak daude. Surf eszena garrantzitsua dago», adierazi du zuzendariak, Sancho Rodriguezek. Japoniatik etorritako hainbat surflari, argazkilari eta artisten laguntzarekin antolatu dute bihar proiektatuko duten zikloa; Takuji Masuda surflaria, tartean. ‘Yuzen on Surf’ dokumentala aurkeztuko du. Japoniako joskintza etxe zaharrenarekin batera egindako proiektua azaltzen du filmean. Takeshi Kitanoren ‘A Scene at the sea’ izango da bigarren filma. Zaborra biltzen lan egiten duen gazte batek surf taula zahar bat aurkituko du. Bere neska lagunak bere ametsa egia bihurtzeko ahaleginean lagunduko dio. No Color galerian ‘Fukushima goes off’ erakusketa aurkeztuko dute asteartean: «Imaginatu istripu nuklear bat dagoela eta hemendik ihes egin behar dugula, eta ezingo dugula inoiz surf egin Zurriolan, Bakion eta Mundakan. Hori bera gertatu zaie hainbat surflari japoniarrei», plazaratu du Rodriguezek. Istripu nuklearra eta lurrikara baino lehenagoko Miyagi eta Fukushimako irudiak zintzilikatuko dituzte Groseko galerian. Aquariumeko ‘Dominant Wave Theory’ erakusketak itsasoa eta ingurumenaren gaineko arazoen berri emango du hainbat argazkien bidez.
Musika eta dantza
Etzi, larunbata, Kursaaleko terrazak hartuko ditu Surfilm Festibalak. Euria egiten badu, Antiguako frontoian izango dira. 17:00etan hasiko dira, merkatu txiki batekin. Surf kulturari buruzko objektuak saldu edo trukatzeko espazioa izango da: Argazkiak, taulak, liburuak… Revolutionary Brothers eta DJ Kurandok musika jarriko dute 19:00etan, eta 22:00etan film laburrak proiektatuko dituzte.
Musika eta dantzarako espazioa Gazteszena izango da. Festibaila izeneko programak festa giroa ekarriko du Egiara ekainaren 11n eta 12an. Soft Circle, La Femme, Los Punsetes, Zethor, Johan Wald, Edredon, El Guincho, Nota eta Jorge Moreirak parte hartuko dute.