Goi mailako helburuekin
Espainiako Txapelketa irabazi berri du Txuri Urdineko emakumezkoen Curling taldeak, lehen aldiz; horri esker, Europako Txapelketan lehiatuko da abenduan, eta lan ona egitea espero du.
Izotz pista batean jokatzen den zehaztasun kirola da. Bertan, lau kideko bi talde lehiatzen dira. Hogei kilogramoko zortzi harri jaurti behar dituzte banan-banan. Hala, harriak pistaren amaieran dagoen dianatik ahalik eta gertuen uztea da helburua. Oso ohikoa da Kanadan, AEBetan eta Europako iparraldean». Hori da, gutxi gora-behera, Wikipediak Curlingaren inguruan ematen duen azalpena. Behin hori jakinda eta Donostian izotz pista bat egonda, kirol hori egiteari ekin zioten hiriko emakume batzuek, 2005ean.
Ordutik bide luzea egin dute eta, aurreko hilabetean, Espainiako Txapelketa irabazi zuten, Huarten (Nafarroa). Garaipen horri esker, Europako Txapelketarako txartela lortu du Txuri Urdinek. Izan ere, Espainiak selekziorik ez duenez, Espainiako txapelduna izaten da herrialdea ordezkatzen duena. Taldearen inguruko azalpen gehiago eman dizkio Oihane Otaegi jokalariak Irutxuloko Hitzari.
Luxuzko laguntza
Txuri Urdinen, bai emakumezko eta bai gizonezko Curling taldeak daude. Emakumezkoena izan zen sortzen lehena, egun taldea jarraitzen duten hiru kideren eskutik: Asun Manterola, Leire Otaegi eta Oihane Otaegi. «Aurretik kirola gutxi ezagutzen genuen, telebistan ikusitakoa, besterik ez», azaldu du Oihanek. Lehenago ere Txuri Urdinek izan zuen Curling taldea eta desagertu egin zen arren, beraiek erabilitako materiala klubean zegoen oraindik. «Munduko federazioak harriak denbora baterako uzten ditu, probatzek. Berz, erabakia hartu behar genuen; materiala itzuli edo ordaindu». Hala. kirola probatu eta gustura aritu zirenez, harriekin geratu eta pixkanaka ordaintzea erabaki zuten. Gero, beste bi kide gehitu zitzaizkien taldera eta orain arte, euren kontura entrenatzen moldatu dira.
Aurten, jauzia emateko asmoz, entrenatzaile baten laguntza hartu dute; Melanie Robillard. «Jatorriz kanadiarra da, baina Alemaniako taldearekin jokatu izan du, orain arte. Europako eta munduko txapelduna izan da eta, seigarren postua lortu zuen Vancouverko Olinpiar Jokoetan», azaldu du Oihanek. Orain, Madrilen bizi da entrenatzailea eta bere mutilagunak ere Curlingean jokatzen duenez, partidak ikustera joaten da. Horrela ezagutu zuten Txuri Urdineko kideek. «Oso irekia da eta Madrilera jokatzera joan ginen asteburu batean, esan zigun guri laguntzeko prest zegoela. Guk dirudik ez genuela erantzun genion. Hala ere, gustura arituko zela esan zigun». Hala, asteburu batean, Donostiara gonbidatu zuten eta Espainiako Txapelketarako prestatzen lagundu zien. «Laguntzeko egin du, hemengo maila igotzea nahi baitu». Bestela, denboraldian zehar, Oihane eta Leire Otaegi ahizpak arduratzen dira taldeen entrenamenduetaz.
Espainiako Txapelketari dagokionean, bi txandatan jokatu dute. Martxoan, Madrilen elkartu ziren Leon, Katalunia, Gasteiz eta Donostiako talde bana. Gero, maiatzan, talde berdinak Huarten lehiatu ziren. Iaz, hirugarren postuan geratu zen Txuri Urdin eta, lehen aldiz, finala jokatzeko zorian egon zen. «Aurten, nazioarteko hamar txapelketetan parte hartu dugu, finalean sartzea lortzeko. Gainera, entrenatzailearen lanak asko lagundu digu». Madrilen, gutxigatik, baina galdu egin zuen Txurik Urdinek, Gasteizko taldearen aurka. Uharten, egindako lan onari esker, berriz, finalerako sailkatu eta berriro Gasteiz izan zuen parean. Hala, ongi merezita, txapelduna izan zen Donostiako taldea. «Larunbatean, finalerdietako partidan, gaueko hamabiak baino gehiagora arte jokatzen aritu ginen». Urte asko zeramatzan Txuri Urdinek helburu horren atzetik eta lortutakoari esker, opari potoloa du, Europako Txapelketarako txartela. «Beste txapelketetako esperientzia eta entrenatzailearen laguntza, giltzarriak izan dira irabazteko». Edonola ere, Oihanek gogoan eduki ditu taldearen babesleak: Cafes Aitona, Callate la Boca, Grupo Iceberg S.L eta Teskal .
Europa buruan
Europako Txapelketa abenduaren 2 eta 10 bitartean jokatuko dute, Moskun. Hiru mailetan banatuak egongo dira taldeak; A, B eta C. Txuri Urdinekoak B mailan lehiatuko dira eta oraindik ere gorago joateko asmoa dute. «Orain arte bezala jokatuta, gutxienez B mailan mantentzea lortuko dugu; baina A taldera igotzea jarri dugu helburu bezala. Lehen urtea izanik, agian gehiegi dirudi, baina horretan saiatuko gara». Zehazki, A eta B taldeetan hamar taldek parte hartuko dute. A taldeko azken bi sailkatuak B taldera jaitsiko dira eta, B taldeko lehen biek A taldera igotzea lortuko dute. Iazko sailkapena ikusita, honako herrialdetakoak izango dira Txuri Urdinen aurkariak: Austria, Hungaria, Ingalaterra, Estonia, Gales, Finlandia eta Holanda.