Lurrikara gertatu aurreko Japonia erakutsiko dute Surfilm Festibalen
Antzoki Zaharra surfzale eta zinema zaleen topagune bihurtuko da egunotan. Gaur eta igandea bitartean hainbat dokumental, film labur eta pelikula ikusi ahal izango dira. Gaur 19:00etan egingo dute lehen proiekzioa. Adam Pesceren ‘Splinters’ filmak Papua Ginea Berrira eramango ditu ikusleak. 80ko hamarkadan pilotu batek surf taula bat utzi zuen kostaldeko herrixka urrun batean. Hogei urteren ondoren surfak bertakoen arteko zatiketa ekarri du. Bertako lau surflari norgehiagoka ari dira historiako lehen surf lehiaketan.
Japoniari eskainitako bi film izango dira ikusgai 21:0oetan. Hokkaidoko basoetako elurretako surfaren irudiak erakutsiko ditu Nick Waggoner-en ‘Signatures’ film laburrak. Daniel Leeb-en ‘Journeys’ filmak, berriz, Japoniako surf paradisuak eramango ditu pantaila handira. Hisham Bharoocha artistak beste hainbat lagunekin egindako bidaia kontatzen du dokumentalak. Lurrikarak, tsunamiak eta Fukushimako zentral nuklearrak eragindako hondamendia gertatu baino lehen egin zuten herrialdean zehar bidaia: «Jada gozatu ezin ditugun paisaiak grabatu genituen. Iparraldeko kostaldeko herriak suntsituta daude erabat. Guk surfa egiten genuen bertan, eta orain ezinezkoa da», azaldu du Bharoochak. Dokumentalean agertzen diren surflari askok euren etxeak utzi eta hegoaldera joan behar izan dutela azaldu du. Claude Maki aktoreak ere parte hartu du dokumentalean. Takeshi Kitanoren ‘A scene at the sea’ eta ‘Brother’ lanetan parte hartu du.
Bharoochak berak ‘Fukushima goes off’ argazki erakusketa prestatu du Groseko Nocolor galerian. Gazteszenan, Festibailan, ere izango da, ostiralean, Soft Circle taldearekin.