Ur kontsumoak baldintzatutako zabor tasa
“Kutsatzen duenak ordain dezala” leloari eutsiz, zabor tasa justuagoa eratzeko proposamena egin du Ogasun sailak. Herritarrek sortzen duten zabor horrengatik ordaintzea du helburu ekimen honek. Hori kalkulatzeko, bada, etxebizitza bakoitzeko ur kontsumoa hartuko lukete kontuan.
Bakoitzak sortzen duen hondakin kopurua neurtzerako garaian, zabor poltsa pisatzeko aukera aztertu zuten. Sistema hori ezartzea, ordea, garestiegia eta korapilatsuegia izango zela ondorioztatu dute.
Honenbestez, ur neurgailuak jo dituzte aukerarik baliagarrien. Izan ere, ur kontsumoa etxebizitza batean bizi den jende kopuruarekin lotuta dagoela eta horrekin batera, kide horiek sortzen duten hondakin kopuruarekin bat egin daitekeela zehaztu dute. Uraren kontsumoa eta hondakinak sortzea, gainera, ingurumen irizpideak dira, biak ere.
Bi tasak uztartuz, iturria behar denean bakarrik ireki eta zabor poltsa behar denarekin beteko duten erabiltzaile zentzudunagoak hezteko aukera izan daitekeela uste dute. Hala, ura kontsumoa egokia balitz, hiru lagun baino gutxiagoko etxebizitzetan tasa berria aplikatuz gero, gutxiago ordaindu beharko lukete eta hiru lagun dauden etxebizitzetan ez litzateke kopurua aldatuko. Egungo erabiltzaileen % 67k orain artekoa ala gutxiago ordainduko lukeela kalkulatu dute.
Ogasun sailak jakinarazi duenez, beste hainbat udalerritan jarri dute proposamen hori abian eta oso harrera ona izan du.