Goiak dio ez dutela "inongo frentetan" parte hartzeko asmorik
EAJko sei hautagaiek hurrengo agintaldian zinegotzi izateko beharrezko izapideak egin dituzte.
Zinegotzi izateko egin beharreko izapideak egitera hurbildu ziren atzo EAJko sei zinegotzi hautagaiak udaletxera. «Hurrengo lau urteetako ibilbideari ekin dio EAJk», esan du Eneko Goia alkategai jeltzaleak. Koherente izango direla eta orain arte aldarrikatu dutena defendatzeko, larunbateko osoko bilkuran egingo den alkate aukeraketan Eneko Goiak bere burua aurkeztuko duela berretsi du.
Era berean, Bildu bazterrean uzteko inongo hitzarmenetan parte hartzeko asmorik ez dutela esan du Goiak. «Ez dugu inongo frentetan parte hartzeko asmorik» argitu du. Oraindik indarrean dirauen frente horren bi alkategai daudela adierazi du EAJko ordezkariak.