20.000 bisitarik ikusi dute jada Kubo aretoko ‘Itsasurdin’ erakusketa
Iragan apirilean ireki zuten Kubo aretoko ‘Itsasurdin’ erakusketa, eta 20.000 bisitari lortu ditu jada. Kutxak bere arte ondarea bildu du bertan. 120 egilek sortutako 230 obratan zehar egindako ibilbidea da. Gehienak aurrezki kutxak azken urteotan eskuratutako lanak dira. Beste batzuk, ordea, fondotik berreskuratu dituzte. Francisco Pachecock 1650ean Katalina Erausori egindako erretratua, esaterako. Hiriko argazki zaharrak ere badaude zintzilik, Pascual Marin eta Kochtarrenak, besteak beste.
Erakusketaren hari nagusia itsasoa da, eta haren gainean egindako akuarela, argazki, eskultura eta beste hainbat diziplina jaso dituzte. Txillida, Esther Ferrer, Julio Caro Baroja, Balerdi, Sistiaga, Amable Arias, Zumeta, eta Koldobikaren artelanak daude ikusgai, besteak beste. Hurrengo uztailaren 3a arte izango da zabalik. Egunero, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.