Egiako parkean euri eta tenperatura datuak biltzen hasi dira
Igeldoko eguraldi behatzailearen semea da alkatea
Datuak biltzen 40 urte igaro ditu Juanito Izagirrek, Margarita Martinek gogoan duenez
Txapela tabernagatik ez ezik, aitak Igeldoko meterologia behatokian egindako lanagatik ere ezaguna da egungo alkate Juan Karlos Izagirre.
Margarita Martin Igeldoko Meteorologia Zentroko zuzendariak gogoan duenez, Juanito Izagirrek 40 urtetik gora igaro ditu zeruari so egin eta eguraldiak eskainitako datuak biltzen. Gaztetatik lan egin du meteorologiaren arloan, soldaduskan zeruko fenomenoen inguruko formakuntza jaso ondoren. 24 urte zituela sartu zen Igeldoko estazioan, behatzaile lanetan. Alkatea jaio baino lehen, alegia.
Martinek kontatutakoaren arabera, egun meterologia arduretan funtzionarioak ari badira ere, garai batean behatokien ondoan bizi ziren herritarrak arduratzen ziren datuak biltzeaz. Eskaintzen zen soldata «hutsaren hurrengoa» zela dio Martinek; horregatik batera eta bestera ibili behar ez zuen jendea aritzen zen behaketa lanetan.
Izagirretarrek behatokiaren ondoan dute baserria, eta bere alabarekin batera askotan hurreratzen zela dio Martinek, bertako astoa eta ahuntzari bisita egitera.
Eguraldiak uneoro eskaintzen dituen datuak jasotzen dituen hirugarren estazioa du hiriak. Igeldokoari eta Ategorrietakoari Egiako parkean jarritakoa erantsi behar zaio. Ingurumen sailaren ekimenari esker, ekainaren lehenengo egunetik Mandasko Dukearen pasealekuaren ondoko jolas parkean erortzen den euri tantak neurtu eta tenperatura zenbatekoa den adierazten duen eguraldi estazioa ari da lanean.
Cristina Eneako eta Ingurumen saileko langileen ardura da egunez egun datuok jasotzea. Hilabete bukaeran, Margarita Martinek zuzentzen duen Igeldoko Meteorologia Zentrora bidaliko dituzte gainontzeko neurketekin aldera ditzaten.
Egiako parkeko estazioak publiometroa eta hiru termometro ditu. Unean uneko tenperatura neurtzekoa, bata; tenperatu maximoak erregistratzeko, bestea; eta azkena, tenperatura minimoentzako. Meteorologia Zentroak emandako tramankuluak dira guztiak.
Eguraldi estazioa, era berean, Cristina Enea Fundazioarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dute, dibulgaziorako tresna izan baitaiteke. Hain justu, estazioan pilatutako informazioa edonork azter dezan, udal webgunearen baitan Ingurumen sailak duen atalean datuok eskaintzeko asmoa dute abuztutik aurrera.
Margarita Martinek adierazitakoaren arabera, haizea neurtzeko tramankuluren bat jartzea ere gustatuko litzaieke. Neurgailua, bada, atari zabalean beharko luke edota lur azaletik hamar metrora. Egiako parkeko zuhaitzen artean jartzea, hortaz, zail xamarra dela aitortu du.
Zailtasunak
Estazioa bera jartzeko ere Ingurumen sailekoak gogor tematu behar izan dira, aurreko gobernuak ez zuelako erraztasun handirik jarri. Antza, arrazoi estetikoak medio, estazioa Egiako parkean jartzea itsusi xamar iruditzen zitzaien.