Eztabaida kalean da
Arazoei aurre egiteko oinak lurrean izatea gomendatzen dute. Baina, batzuetan hori bera egitea da zailena, lurra zakur kakek estaltzen dutelako, bereziki hiriko hainbat gunetan. Buru hauste hau mahai-gainean jartzeko asmoz, Egiako hainbat bizilagunek Tejeria kaleko arkupean auzokideen iritziak biltzeko kartelak jartzeari ekin diote.
Tejeria kaleko arkupean jarritako kartelek, eta baita itsatsiriko boligrafoek ere, bere helburua bete dute; eztabaida kalera eramatea. Testu labur batek eta zakur kaka baten argazkiak bizilagunei euren iritzia idazteko gonbitea egiten diete kalean jarritako hamar inguru kartelek. Auzotarrek bere ideiak idazteaz gain, beraien artean eztabaidatzea lortu dute ere.
Heziketa arazotzat jotzen dute gehienek, utzikeriatzat. “Hemendik gertu dago Plaza Berriko zakur-komuna, baina ez dute erabiltzen. Hona ekartzen dituzte zakurrak arkupera, begiraden babesera”, diote auzotarrek.
Jabe zintzoak, minduta
Rex-en jabea da Edurne Lasarte. Kartelen izpirituarekin bat dator, berak ere pairatzen duelako zakur kaken arazoa. Baina, goiburuaren idazketak mindu duela aitortu du. Jabe guztiak lotsagabetzat jotzen dituela iruditu zaio Lasarteri. Hasieran sinadura bilketa zela pentsatu zuen, eta sinatzeko prest zegoen. “Baina, testua irakurri eta denak zaku berean sartzen gintuela ematen zuen”.
Horren inguruan, ordea, kartelen arduradunek oso iritzi argia dute: “Lotsagabeak dira kakak jasotzen ez dituztenak”. Beraien asmoetan ez da sartzen zakur jabe guztiak kritikatzea. Hain zuzen ere, kalapita txiki hau paretetako kartulinetan jasoa dago ere, eta bat baino gehiago eraso egitera pasatu da. “Nik jasotzen ditut nire zakurraren kakak, baina, zigarro-puntak eta txikleak zeinek jasotzen ditu?”.
‘Mierderia’tik, Tejeriara
Esan bezala, ekimenak nahikoa erantzun ona izan du eta hamarnaka kontatu daitezke auzotarren iritziak. Kartelen arduradunek argi ikusten dute zergatia. “Jendea oso haserre dago”. Ondorioz, aldartea adierazteko, zein proposamenak egiteko, baliatu dituzte kartel iritzi-eskaleak. Asko zigorraren alde azaldu dira. “Isunak jarri behar zaizkie jabeei”. Beste batzuek, ordea, proposamen gogorragoak egin dituzte. “Txakurtegira eraman, txakurra eta jabea!”. Baina umorea eta gogortasunaren artean, oso gutxi dira horrelakoetan ohikoak izan daitezkeen irainak eta eraso zuzenak.
Kartelak jarri dituztenek egoera laburbiltzen duen idatzi bat nabarmendu dute: Cuando dejara de ser la calle Mierderia, para volver a ser la calle Tejeria. Ekimenaren onarpena ikusirik, talde berak beste bat gauzatuko duela aurreratu dute. Nahiz eta ez duten zehaztu zer izango den, argi dute, oraingo honetan bezala, herri parte hartzea bilatuko dutela.