Margari Altolagirre saritu dute hirugarren aldiz
Gazteen Antzerki Topaketetan lehen saria eskuratu du ‘Fatal equilibrio total’ lanagatik
Ereindako lanaren fruituak jasotzen ari da Margari Altolagirre (Paisai Donibane, 1982). Iaz bere arte eszenikoen eskola ireki zuen Elosegi etorbidean. Berak idatzi eta bere ikasleek antzeztutako obrak irabazi du aurtengo Donostiako Gazteen Antzerki Topaketen lehen saria. Ez da Altolagirrek sari nagusia eskuratzen duen lehen aldia, hirugarrena da jada. ‘Fatal equilibrio total’ izena du obra irabazleak. Ben Stiller-en ‘Tropic Thunder’ eta ‘Zoolander’ filmeekin alderatu du: «70eko eta 80ko AEBetako polizia-zinema hartu eta antzerkira ekarri dugu. ‘Arma Letal’, ‘Superdetective en Hollywood’ eta ‘Terminator’, besteak beste.
Gutxienarekin, gehiena
Sortzailearen ustez, «saria ez da ustekabean iritsi. Lan eta lan egin dugu, besterik ez. Topaketetan taularatu dugu lehen aldiz, baina orduak eta orduak eman ditugu entseatzen eta lan egiten». Antzezlana sortu eta entseatzeko prozesua oso zaila izan dela azaldu du: «Ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehiena egin nahi nuen. Eta nire ikasleek asko sufritu dute. Ez zuten ia ezer eszenatokian. Bi kaxa besterik ez daude. Formatua ulertu behar zuten. Gainera testua nirea da, eta egokitu egin behar izan genuen. Oso zaila da ezer ez izatea, eta dena sortzea. Eta ez da baliabiderik ez dugulako; proba egin nahi genuen ikusleekin». Proba egin, eta baita gainditu ere. Publikoaren harrera sekulakoa izan dela dio Altolagirrek: «Antzoki Zaharra bete egin genuen. Lehiaketa honetara parte hartzaileen senideak eta lagunak etorri ohi dira. Antzerkizaleak ere egoten dira ikusleen artean, baina orohar jendea ez dago antzerki mota hau ikustera ohituta. Arrakasta handia izan zuen jendea konturatu zelako gauza gutxirekin asko lortu daitekeela. Nire filosofia nahiko purista da zentzu horretan».
Antzezlea pozik dago emaitzarekin: «Jendea harrituta geratu zen. Beste muntaia batzuk ikustera ohituta dago. Eta pentsa, gure obran denetik zegoen: pertsekuzioak, tiroketak, lapurretak…denetik zegoen. Polizia-zinemaren 70eko pelikulen klixe guztiak elkartu ditugu antzerkian». Hain zuzen, irudi horiek zinematik antzerkira ekartzea sekulako erronka izan dela aitortu du Altolagirrek: «‘Nola ikusi dezaket pelikula guztia hain baliabide gutxirekin?’ galdetzen zidan jendeak. Bost minututan istorioan erabat sartuta zeuden guztiak. Beste behin egin behar dugu, baina egia esan oso nekatuta gaude».
Altolagirre bere konpainia profesionalarekin hasiko da lanean: «Hiru urte daramatzat lan honekin, eta jada beste proiektu batzuk ditut buruan. Horregatik, ikasle bat sartzen denean akademian pentsatzen dut, ‘urtebete daukat pertsonak honek ahal duen guztia ikasteko’. Antzerkia soilik zaletasun gisa dutenentzat gogorra da, ordu pila bat sartzen ditugulako…». Eskolan bere helburua ikasleak «balio batzukin ateratzea» dela adierazi du: «Ikasleek errepikatu egiten dute, eta ez badute errepikatzen, dena utzi eta Madrilera doazte. Hori da gehien betetzen nauena. Eskolaren proiektua oso garrantzitsua da niretzat. Zoritxarrez, hemen ez dago eskola on bat, eta jendeak antzerkiari buruz ezer gutxi daki. Ikasketak egin ditugunak kanpoan geratu ohi gara, eta ez dugu bueltan ekartzen bertan ikasitakoa. Orduan hemengo aktoreek taula gainean ikasi behar dute, eta arriskutsua da, ez dutelako pedagogia batekin ikasten».
Altolagirreren ustez, «antzerkia ez da ondo pasatzeko, lan oso gogorra da. Nire filosofia hori da behintzat. Hemen antzerkia modu batean ikusten da, eta nik ez dut horrela ikusten, ezta kanpora doan jendeak ere. Lanbide oso gogorra da. Egun batean lana duzu, eta beste batean ez. Jendeak bakarrik distira egiten duena ikusten du, eta errealitatea ez da horrelakoa. Distira hori izebergaren punta da besterik ez da; bidean sufritu behar duzun guztiaren punta. Aktore egiten bazara beste aukerarik ez duzulako da, bestela, aukeratu beste ogibide bat».
Antzerkian eta eskolan ez ezik, abian dituen beste egitasmoetan ere buru belarri ari da lanean: zinemarako bikoizketak egiten ditu, Anai-Arrebak musika taldearekin hasi da…
Proiektu berriak direla eta, aurten ezin izango ditu eskolako ikasgai guztiak berak eman: «Hurrengo urterako irakasle oso kualifikatuak bilatzen ari naiz. Jendea nire eskolara dator nirekin ikasi nahi duelako, baina ezin izango dut… Halere, arte eszenikoetan (dantza, kantua, antzerkia…) hasi nahi dutenei eskolara gerturatzeko proposatu die: «Beste forma batean ematen dira eskolak. Ez duzu zertan kanpora joan behar zuzenean. Egia esan, ez diogu inbidiarik izan behar hemengo talde profesionalei».