Mikel Alkorta txapeldun ordea izan da berriro
Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatu zuten asteburuan, Zizurkilen. Emakumezkoetan, zortzi lagun aritu ziren eta Arrate Garin (3:33) izan zen txapelduna, bigarren urtez. Gizonezkoetan, hamar segalarik parte hartu zuten, Arkaiz Arteagak huts egin baitzuen. Irabazlea Juanjoxe Lizaso asteasuarra izan zen, 7:07ko denborarekin. Bigarren postuan, berriz, Mikel Alkorta donostiarra geratu zen, 8:43ko denborarekin. Hirugarrena, Pello Argaia zizurkildarra izan zen (9:02). Alkortaren lana aipatzekoa da, azkartasun probak ez baitira bere berezitasuna. Gainera, duela bi asteburu, txapeldun ordea izan zen Gipuzkoako Sega Txapelketan.
Asteburu honetan, Euskadiko Sega Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte, Aizarnan, 18:00etan. Mikel Alkorta bertan izango da. Finala, berriz, uztailaren 10ean izango da, Oiartzungo Pikoketan, 12:00etan.