Umoretik jo du Montanierrek eta ezer gutxi aurreratu du bere lehen agerraldian
Entrenamendu osteko prentsaurrekoa eman du entrenatzaileak, itzultzailearen laguntzarekin
Entrenamendua zuzentzeaz gain, beste lan bat ere izan zuen Philippe Montanierrek atzokoan. Izan ere, entrenamendu osteko lehen prentsaurrekoa eman zuen frantziarrak. Kazetariak denbora dezente izan zituen zain, eta umoretsu agertu zen. Hala, umore horretaz baliatuz, ezer gutxi zehaztu zuen bere adierazpenetan. Dagoeneko gaztelera nahiko ongi ulertzen duen arren, itzultzailearen laguntza izan zuen.
«Lehen saioa oso ongi joan da; eguraldi lainotua izan dugu eta tenperatura ona zegoen lanerako; klubak dena oso ongi antolatu du», adierazi zuen lehenik eta behin. Gainera, jokalarien egoeraren inguruan, ez zuen inolako kexarik izan. «Batzuk dagoeneko entrenatzen hasiak ziren eta egoera fisiko onean daude. Pare bat aste itxarongo ditut jokalariak baloratzeko, eta harrobia ezagutzea oso garrantzitsua izango da».
Hemendik aurrera egin nahi duena, ezer gutxi azaldu zuen. «Lehenengo bi asteetan fisikoa lantzea oso garrantzitsua izango da, baina alderdi teknikoa ez dugu ahaztu behar». Ligako egutegiaren inguruan, ez zuen kexarik izan. «Aurkariek izango dute zaila; partidak jokatu ostean esango dizuet nola aritu garen».
Asko esan ez zuen arren, argi dago entrenatzaile berriak Zubietako ohiturak aldatuko dituela. Dagoeneko berrikuntza lanak egiten ari dira, eta denboraldia hasterako, atseden gela eta sukaldea prest izatea espero dute. Hala, goiz eta arratsaldeko saioak dituztenean, jokalariek bertan geratzeko aukera izango dute. «Etxera joan eta itzuli beharrean, hemen geratzea izango dute. Horrela ez dituzte lau bidaia egin beharko eta 40 minutura bizi direnei hobe etorriko zaie».
Horretaz gain, lagunartekoetan egingo duenaz, erabiliko duen joko sistemaz, fitxaketetaz, funtzionamenduaz… azalpenik ez ematearen hautua egin zuen.
Aranburu, lasai
Montanierren aurretik, Mikel Aranburu kapitaina izan zen hitza hartu zuena, prentsa aretoan. Taldearengan konfiantza duela esan zuen eta mantentzeko, iaz baina gutxiago sufritzea espero duela. «Hasiera guztiak desberdinak izaten dira, eta urte asko daramatzadan arren, ilusio ukitu hori mantentzen dut».
Entrenatzaileaz hitz egiteko oraindik goizegi zela aipatu zuen, baina badago bereziki kapitaina harritu duen gauza bat. «Gazteleraz nik uste nuena baino hobeto moldatu da, eta ongi ulertu gara». Berari dagokionean, dagoeneko belauneko lesiotik errekuperatu dela azaldu zuen. «Lesioak ez dit arazorik ematen eta datozen lagunartekoetarako prest egotea espero dut».
Ligako egutegiarekin, pozik agertu zen. «Iaz ere indartsu hasi ginen, Vila Realen aurka jokatu genuen lehen partida. Nik behintzat nahiago dut etxean jokatzen hasi, eta hori gure alde dugu». Edonola ere, abuztuaren 21a oraindik urrun ikusten du Aranburuk eta taldeak prestatzeko denbora baduela dio. Entrenatzaileak dakarren dinamika aldaketaren inguruan, baikor azaldu zen eta onerako izan daiteela aipatu zuen.



