Bidegorriaren proiektua bazterrean ez geratzea espero dute Martutenekoek
Auzoa biziberritzeko premia eta eskaera nagusien zerrenda osatu dute Sarroeta elkarteko kideek
«Auzo elkartea bizirik dago, gogotsu eta itxaropentsu»
Asteartero Pilar auzunean dagoen lokala zabalik dago auzotarren iradokizunak jasotzeko
Sarroeta elkarteak hogei urte baino gehiago ditu; aurten, ordea, talde osoa berregituratu dute. Urtetik urtera gero eta jende gutxiago zegoela-eta, irauteko zailtasunak zituztela azaldu du Mikel Lasa elkarteko kideak.
Taldea indarberrituta, lehen pausoak ematen ari dira poliki-poliki. Auzoko beharrak jasotzeko diagnostikoa osatzearekin batera, bloga sortu dute –martuteneauzoa.com– eta pixkanaka edukiz betetzen ari dira.
Oraingoz 10-20 lagun artean ari dira lanean, inoiz baino gogo gehiagorekin, gainera, azpimarratu du Martutenekoak. «Auzo elkartea bizirik dago, gogotsu eta itxaropentsu», goraipatu du. Auzoa biziberritzeko harra auzotarren artean barneratu nahi dutenez, auzo elkarteko ateak zabalik dituztela adierazi du. Hileko azken ostegunetan elkartzen dira auzoko gorabeherak aztertzeko. Zuzendaritza taldea, dena den, asteartero hurbiltzen da 19:00etatik 20:00etara Pilar auzuneko lokalera; orduan ere nahi beste iradokizun jasotzeko prest daude. Internet zaleek, halaber, proposamenak egiteko bloga balia dezaketela erantsi du Mikel Lasak.
Lanari kementsu ekiteko beste gakoetako bat udal hauteskundeetako emaitzen ondoren gertatu den gobernu aldaketa izan dela azaldu du auzo elkartekoak. Dagoeneko hartu-emanetan egon direla jakinarazi du, eta «elkarlanerako prest eta parte hartzeko borondatea» adierazi dutela zehaztu du. Nora Galparsoro zinegotziarekin elkartu dira eta diagnostikoaren berri izan du.
Aurretik Martuteneko Sustapen Taldea zegoen auzoko proposamenak bideratzen. Gauza asko lortu baziren ere, «argi-ilunak» zeudela adierazi du. «Proiektuak goitik» bideratzen ziren eta bilerak proiektu eta proposamen horiek «fintzeko» egiten zirela azaldu du.
Egun, Udal Gobernuak hiriko auzo bakoitzeko premiak ezagutzeko nahiak bultzatuta, «etxekolanak egitera behartu» dituzte eta Martuteneren diagnosia eratzeko pausoa ematen lagundu die. Lanean hasteko elkarren artean adostutako ildo nagusien lehenengo zirriborroa da orain osatutakoa. «Lanerako dokumentu eta oinarri» bilakatzeko xedea du.
Iraila bitartean, ekarpen gehiago jasotzeko asmoa dute. Premiak are gehiago zorrozteko, hain justu, lehen auzo elkartean ibilitakoei edota futbol taldekoei proposamen sorta aurkeztu diete, eurek ere beren ekarpenak egin ditzaten.
Martutenetarrek auzoa itxuraberritu nahi dute eta Sarroeta auzo elkarteko kideak buru belarri ari dira hobetu beharreko hori zer den identifikatzen eta lehentasunak zehazten. Nahiz eta oraindik garatu eta borobiltzea falta, auzoari lehen errepasoa egin diote eta osatu dute Martutenek dituen premia nagusien zerrenda.
Bideratzeko aukera gehien izan ditzakeen eskakizunetako bat bidegorria da, Mikel Lasa auzo elkarteko kidearen hitzetan. Aurreko Udal Gobernuak Martutene eta Loiola arteko espaloiaren eta bidegorriaren proiektu eta izapideei oniritzia eman zien; honenbestez, «lanak aurten hasten ez badira ere», egitasmoa bazterrean ez uztea gustatuko litzaieke. Txomin Eneako osasun etxearekin oinezko komunikazio duina izatea eta auzo batetik bestera bidegorritik joan ahal izatea nahiko lukete. Auzo elkarteko kidearen arabera, «proiektua lotuta dagoenez, dirua jarri eta lanak abiaraztea» faltako litzateke.
Bidegorriarekin batera, Urumea garbitzeko beharra azpimarratu du Mikel Lasak. Ibai arroa garbitzeko lanak bizkortzea eta garbiketa lan horiek maiztasunez egitea da auzo elkartearen proposamena. «Aspalditik aldarrikatzen ari garen gaia da, beti atzeratu dena», dio. Orain arte hartu diren neurriak «ibaia ukitu gabe» egin direla gaineratu du.
Ibaia garbitzeko funtzio nagusia uholde arriskua saihestu eta auzoaren segurtasuna bermatzea bada ere, auzo elkarteak haratago joan nahi du. Bizilagun eta gainontzeko herritarren aisirako probetxu handiagoa atera dakiokela nabarmendu du Lasak.
Pilotalekua
Auzoko premien diagnosian jasotako beste beharretako bat pilotalekua da. Frontoi lanak bete baino, auzotarren elkargune bilatzeko helburua izango luke, «plaza bat falta» baita azpimarratu du Martutenekoak. Auzoak, halere, frontoirik ez duela jakinarazi du, «umeek bakarrik erabiltzen duten hiru metroko pareta dago».
Bilgune eta ekitalditarako eremu izango litzatekeen ekipamenduak, era berean, errepideak banatzen dituen auzoaren bi aldeak lotzen lagunduko luke.
Auzo elkarteak identifikatuta du frontoia eraiki daitekeen orubea. Goizueta kalearen aurrean eta Tranbia kalearen amaieran dagoen aparkalekuan eraikitzea jo dute egoki. Autoak uzteko ez ezik, auzoko festetan feriak jartzen dituzten lekua ere izaten da.
Martutenetarren beste kezketako bat, Abiadura Handiko Trena da. Azpiegituraren alde dauden ala ez, iritziak hamaika izan daitezke. Iritzia eman dutenen artean, ordea, «sentipen orokorra» dela eta Astigarraga eta Norteko geltokiaren artean aurreikusi duten loturarekin bat ez datozela azaldu du Mikel Lasak. Izan ere, «egitasmoak geratzen diren baratz lursail gero eta eskasagoak hartzera behartuko luke eta hori saihestea oso garrantzitsua da». Sarroeta auzo elkartearen iritziz, irtenbiderik «ekologikoena, merkeena eta auzorako onuragarriena» egungo trenbide arrunta erabiltzea litzateke.
Azpiegitura eta ekipamenduez gain, gizarte eta euskara arloan, aurrerapauso handiagoak eman nahi dituzte. Euskararen erabilera eta jai herrikoiak bultzatzea dute xede. «Orain arte ez bezala, Udalaren babes handiagoa nahiko genuke, diruz edota baliabidez».
Era berean, denda eta saltokiek duten garrantzia indartu nahi dute. Behar bezalako balioa ematen ez zaiela uste dute; hortaz, «urte amaierarako» kanpaina bereziren bat egiteko moduan egongo direla adierazi du Sarroeta auzo elkarteko kideak. Denda eta euskararekin lotuta, gainera, euskarazko errotuluak areagotzeko ahalegina egingo dutela aurreratu du.
Proposamen nagusi horiez gain, eskaera eta eginkizun zerrenda luzeagoa osatu dute. Horiekin guztiekin eta auzotarren laguntzaz, Martutenerik erakargarriena eraikitzeko asmoa dute.