Lana eta familia uztartzeko gida prestatzen ari da Donostiabus
Familia eta eguneroko bestelako beharrak lanarekin uztartzen laguntzeko har daitezkeen neurri eta aholkuen gida argitaratzeko lanean ari da Donostiabus, Adegi Gipuzkoako patronalarekin elkarlanean.
Neurriak zeintzuk izan beharko luketen zehazteaz gain, horiek ezartzen laguntzeko pausoak emango dituzte. Izan ere, langileek izan dezaketen malgutasunak motibazio eta inplikazioan eragina duela azaldu dute. Aldaketok, era berean, enpresaren lehiakortasunean eragin zuzena duela diote.
Laneko giroa hobetu dezaketen neurriak direla esan dute. Hala, estres maila txikitu eta absentismoa murriztea espero dute. Langileak, gainera, egiten duten horretan gustura badaude, enpresan geratzeko aukera handiagoak dituztela nabarmendu du Donostiabusek.
Bidaiariak gora
Langileen motibazioak eragin zuzena duela baieztatzea zaila izango zen arren, gero eta bidaiari gehiagok egiten dute autobusa hartzeko hautua. Donostiabusek, behinik behin, markak gainditzen jarraitzen du urtetik urtera. 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitarteko datuei erreparatuz, DBUSek orain arteko bidaiari marka gainditu du. 29.297.180 izan dira bidaiariak, aurreko urtean baino 409.441 gehiago.
Autobus linea erabilien artean, berriz, ez dago aldaketarik. Amara-Ospitaleak, Altza eta Benta Berri lineak dira arrakastatsuenak. Hilabetez hilabete, martxoan eta maiatzean igo da jende gehien autobusera, 2,5 milioi bidaiaritik gora hilabete bakoitzean. Aipagarria da, bestetik, gautxoriek izan duten gorakada. Aurreko urtekoarekin alderatuz, %2,5 egin du erabilerak gora.