Diru sarreren egoera larritzekoa dela esan du PPk
Aurreko Gobernuak egindako aurreikuspenen erantzule ez direla dio Burutaranek
Udal finantzen egoera aztertu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak eta egoera larritzekoa dela ohartarazi du. Aurtengo aurrekontuan zehaztutako hainbat diru sarrera bete gabe geratzeko arriskua dagoela dio. Honela, Udal Gobernuak zein neurri hartuko dituen jakin nahi du.
Aurrekontua eskutan hartuta, Udalak jasotzea espero zituen 27 milioi euro kolokan daudela adierazi du. Lursailen salmentari dagokionez, Aldunaenetik 7,6 milioi euro jasotzea, Atotxa Errekatik beste 3,4 milioi, Auditz Akularretik 2,5 eta Eskutzaitzetatik beste horrenbeste biltzea aurreikusi zuten 2011ko aurrekontuan. PPk jasotako datuen arabera, diru sarrera horiek oraindik ez dira bete eta aurreikuspenak beltzak direla jakinarazi du.
Egoera batere oparoa ez dela ikusita, Udal Gobernuak nola jokatuko duen ezagutzea beharrezko deritzo PPko zinegotziari. Datorren urteko aurrekontuaren lehen zirriborroa aurkezteko data, gainera, «bertan dagoela», urriaren 15a dela gogoratu du, gainera. Aurrekontu hori osatzeko, Udal Gobernuak zein asmo duen galdetu du: «zergak puztuko dituzte ala udal ondasunak salduko dituzte?».
Aurreko Gobernuak egindako aurreikuspenen erantzule ez direla argitu du Bilduko Ricardo Burutarenek. Egun, finantza egoera aztertzen ari direla adierazi du, bestetik.