Elkano Browning Cream taldearen disko berria labean da
2006an sortu zen Elkano Browning Cream taldea. Urtebete lehenago ezagutu zuten elkar, eta AEBetan hasi ziren elkarrekin jotzen. Shangain (Txina) abiatu zuten bidaia. Lehen diskoa kaleratu eta urte hartako Jazzaldian aurkeztu zituzten abesti berriak. Mikel Azpiroz piano jotzaile donostiarra, Franck Mantegari bateria jotzaile paristarra eta Estatu Batuetako Matt Harding abeslari eta gitarra jotzailearen proiektuaren estreinaldia izan zen.
Bost urteren ondoren jaialdiko programazioan izango dira berriz ere. 2 izeneko bigarren diskoaren kantak, eta jada labean dagoen lan berriaren pieza batzuk joko dituzte zuzenean. Ez bat, ez bi. Hiru kontzertu egingo dituzte. Lehena gaur, 23:00etan, Heineken karpan. Bigarrena, bihar, 19:00etan, Coca Cola agertokian. Eta azkena, igandean, Heineken karpan, 23:00etan. «Egunetik egunera zenbait abesti aldatu egingo ditugu, baina ikuskizuna oro har berdin mantenduko dugu», azaldu du Azpirozek.
Formatu akustikoa Duela bi aste estudioan sartu eta hirugarren diskoko kanta berriak grabatu zituzten. Melodikoa, gitarra eta perkusioa; formatu akustiko horretan konposatu dituzte, eta horietako batzuk izango entzungai Jazzaldian. Duke Ellingtonen Blue Pepper abestiaren bertsio bat, eta jazzaren beste klasikoren bat ere izango dira errepertorioan.
Dave Wilkinson gitarrista Hirukotea, ordea, ez da ohikoa izango. Matt Harding Txinan ari da lanean, eta haren ordez Dave Wilkinson gitarra jotzaile eta abeslari ingelesa ariko da zuzenean. Neguko biran ere berak ordezkatu zuen Harding. Eta disko berriaren grabazioan ere Wilkinson aritu da: «Wilkinson Hardingen ordezko naturala da. Musikaren hizkuntza bera partekatzen dugu», adierazi du Azpirozek. Baterian, zuzenekoan aldaketa egingo dute. Gaur eta bihar Caspar St. Charles bateria jotzailea izango da; igandean, berriz, Franck Mantegari.
Jazzaldiaren jarraitzaile amorratua da Azpiroz eta zenbait kontzertu gomendatu ditu datozen egunetarako. Trinitate plazan egingo dituztenak ditu gustukoen. Abdullah Ibrahim piano jotzailea eta Tea for 3 taldean joko duen Avishai Cohen kontrabaxu jotzailearen zuzenekoak. Mavis Staples gospel abeslariaren emanaldia ere bai, eta baita Medeski, Martin & Wood-ena ere bai. Eta B.B. Kingena ere ikusi beharrekoa dela dio: “Pentsatzen dut bera zuzenean ikusteko azken aukera izango izan dela gaurko kontzertua».