Oraindik ere, ‘Perrita al agua!’
‘Debekatuta’ egon arren, Kaian bere horretan dirau ohitura zaharrak, gaztetxo eta paseoan dabiltzanen gozagarri.
Perrita al agua, caballero! Ignacio Ugarteren margoaren izena izateaz gain, turismo gidetan nabarmentzen ez den ohitura ere bada. Kaian, bizi bizirik mantendu dute gaztetxoek paseoan ibilitakoen txanpon bila uretara salto egitearen usadioa.
Mutikoek ur azpiko txanponak ahoarekin hartu behar zituzten. Hotzez zirenean, uretatik atera eta irabaziak zenbatzen zituzten. Kontu hau zaharragoa izango den arren, 1888an dokumentatu zuen Ugartek bere koadro batean, salto egiten ari diren haur eta guzti! Hain zuzen ere, udaletxearen aretoetako batean jarrita dagoen margolanean ikus daiteke irudia.
Egun txanpon bila uretan dabiltzan haurrek ez dute koadro horren berririk; baina badakite, ordea, beraiek ez direla usadioaren asmatzaileak. Sergiok dioenez, «aspaldian gu bezala aritutakoak dira diru gehien botatzen dutenak!». «Giriak ere nahiko ondo portatzen dira», zehaztu du Ekaitzek, barre artean.
Ohitura honen alde dibertigarria albo batera utzita, nahikoa errentagarria ere bada. «Egun batzuetan 50 euro lortzera iritsi gara», dio Sergiok. Kazetariak jakintzat eman du denen artean lotuko zutela, baina urpekari gazteak barrez hasi dira; «baita zera ere, hori bakoitzarentzat!». Arriskuaz galdetuta, beldurra izateko arrazoirik ez dagoela diote.
Jakin badakite perrita al agua debekatuta dagoela. «Ertzainek esaten digute uretatik irteteko Aurrekoan bi kotxe etorri ziren! Baina, joaten direnean, berriro itzultzen gara». Debekua, ordea, ez da oso zorrotza izango, bestela ohiturak ezin ehun urte iraun.